2004ko martxoaren 13an hil zuten Angel Berrueta Iruñean, Donibane auzoan, Valeriano De la Peña Espainiako poliziak eta haren seme Miguelek, iaz Espainiako Gorenak epaian berretsi zutenez -aitari hogei urteko zigorra jarri zioten, semeari hamabostekoa-, baina De la Peña faniliaren abokatuak Miguel De la Peñarentzat orain indultu eskaera egin du, gaur jakin denez. Indultua emateko ahalmena Espainiako Gobernuarena da, baina oraindik ez du erabakirik hartu. Bere garaian ere eskatu zuten gauza bera, eta herri-epaimahaiak aho batez ezezkoa eman zien.
Donibane auzoko bizilagunek, Berrueta sendiaren abokatuek -Pablo Muñozek eta Jokin Elarrek- eta familiak berak gaur egin duten agerraldian kritikatu egin dute De la Peñaren abokatuen eskaera. Ikusteko dago erabakia zein izanen den, "baina hemen justizia denentzat ez da berbera". Sendiak orain bere azalpena emateko aukera izango du Nafarroako Auzitegian; ostegunean joango da hara. Donibaneko bizilagunek han aurrean elkarretaratzea egingo dute, 11:45ean.
Auzitegi Gorenak duela urtebete eman zuen epaia, baina Berrueta sendiaren abokatuak gaur jakinarazi dute familiak oraindik ez duela kalte-ordainik jaso.
Angel Berruetaren alargun Mari Karmen Mañasek ere salatu egin du auzitegien jarrera. Maiz jaso dituzte mehatxuak eta pintadak, sendiak salaketak sartu izan ditu Nafarroako Auzitegian, baina jaramonik ez diela egiten esan du Mañasek.
Joan den abenduaren 12an, gainera, Pilar Rubio Valeriano de la Peñaren emazteak fax bat bidali zien Berruetaren familiari eta abokatuei, bere kontra egiteagatik salaketa sartuko duela jakinaraziz.
Politika
Indultu eskaera egin dute Angel Berruetaren hiltzaile batentzat
Espainiako Gorenak iaz hamabost urteko zigorra jarri zion Miguel De la Peñari. Haren aitari, hogeikoa. Defentsako abokatuak eskatu du indultua. Berrueta 2004ko martxoaren 13an hil zuten, Iruñean, baina familiak oraindik ez du jaso kalte-ordainik. Donibane auzoko bizilagunek elkarretaratzea deitu dute ostegunerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu