Espainiako aurreko gobernuak (PSOE) Garoñako zentral nuklearra (Burgos) 2013ko ekainaren 6an itxiko dela erabaki zuen arren, Jose Manuel Soria (PP) Industria ministro berriak gaur ez du halakorik ziurtatu eta, gainera, esan du ez duela baztertzen Garoñari 2019ra arte zabalik izateko baimena ematea.
Soriak Onda Cero irratian azaldu du Espainiako CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak bere garaian Garoñari 2019ra arteko baimena emateko txostena egin zuela —idatzia ez zen loteslea—, eta exekutibo berriak horri hel diezaiokeela aurrerantzean. "CSNk gaiko aditurik onenak ditu, eta horiek adierazi dute zentrala ixteak energia mota hori alferrikaltzea lekarkeela. Gaurko energia oro ez alferrikaltzearen alde nago neu", esan du Industria ministroak.
Auzitegi Nazionalak iazko uztailean baieztatu egin zuen gobernuak zentral nuklearra ustiatzen jarraitzeko emandako luzapena eta behin betiko ixteko ezarritako eguna.
Garoñak 40 urtetik gorako bizia du —1970ean ireki zuten—, eta arazo teknikoak izan ditu: hozte sisteman, suteak eragozteko sisteman eta kontrol sala isolatzeko sisteman —biak ere CSNk— eta egiturazko beste hainbat. 2006tik Espainiako Estatutuko zentralik zaharrena da. Arabatik gertu dago, eta legealdi honetan Eusko Legebiltzarrak hura ixteko eskatu izan du.