Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministro berriak uste du Garoñako zentral nuklearraren jarduna sei urte gehiagoz luzatu ahal izango litzatekeela. Espainiako Gobernuak ez duela Burgosko zentral nuklearrari buruzko erabakirik hartu, hala zehaztu du Soriak; baina gogora ekarri du Garoñak 2019 arte lanean jarrai dezakeela, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak hala zehaztu zuela. Garoñaren jarduera epea zehazteko eztabaidan ari zirenean, 2009an, txostena prestatu zuen CSNk gobernuak eskatuta, eta ondorio horretara iritsi zen: Garoñako plantak hamar urte gehiagorako bizia izan zezakeela. CSNren ebazpenek ez dituzte gobernuaren erabakiak lotzen, ordea, eta PSOEren gobernuak erabaki zuen 2013ko uztailaren 1ean ixtea zentral nuklearra. Hain justu, Garoña desmuntatzeko plana aurkeztu zuen Enresa enpresak aurreko astean.
Urte eta erdi eskaseko baimena gelditzen zaio Garoñako zentral nuklearrari; baina dagoeneko amortizatuta dagoen azpiegitura dela eta berau erabiltzeari uztea ez dela egokia uste du Industria ministro berriak. «Orain baliatzen diren energiak behar baino gutxiago erabiltzearen kontra nago, betiere posible den neurrian». Soriak zehaztu du, ordea, Garoñako eta gainerako zentral nuklearren jarduera aztertzea ez dela bat-batean egin daitekeen lana; gainera, elektrizitate alorreko enpresekin eta CSNrekin ere hitz egin behar litzatekeela erantsi du. Nolanahi ere, ez du baztertu etorkizunean Garoñari jarduera baimena luzatzeko aukera.
Zentralari jarduera baimena luzatzeko denbora eskas du gobernuak, halere. Urte eta erdi gelditzen zaio Garoñari ixteko, eta horretarako zenbait jarduera dagoeneko abiatu behar lituzkete, itxiera ez baita egun batetik bestera egiten. Bestalde, zentral nuklearren erresistentzia aztertu berri du CSNk; azterketa gainditu egin du Garoñak, baina CSNk hainbat inbertsio eraginaraziko dizkie zentral nuklear guztiei, haien segurtasuna bermatzeko. Garoñak, jarraitzekotan, inbertsioak egin beharko lituzke, beraz.
Industria ministroak uste du Garoña 2019 arte lanean egon litekeela
Erabakirik ez du hartu Espainiako Gobernuak, baina amortizatutako energia azpiegiturak erabiltzea onetsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu