«Lorpen»horiez aritzeko garaia da, Ibarretxeren arabera. «Sekula baino enpresa eta langile gehiago dauzkagu: 157.000 eta 950.000, hurrenez hurren». Ez du azaldu, nolanahi ere, industriak behera egin duela eta, azkenaldion legez, batik bat eraikuntzak bultzatu duela BPGren hazkundea.
Eustat estatistika erakundeak eman ditu datuak. Hiruhileko arteko jaitsiera arina gertatu dela dio: bilakaera %1,4koa izan zen lehenengo hiruhilekoan, eta %1koa bigarrenean.
Iazko udazkenetik hona, dena den, %4 pasatxo hazten ari da BPG hiruhilekoz hiruhileko. Eustatek erkatu egin ditu hiru herrialdeetako datuak Espainiakoekin, 25 kideko Europako Batasunekoekin eta Ameriketako Estatu Batuetakoekin. Aldea %0.5ekoa, %1,4koa eta %0,6koa da, hurrenez hurren. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia nagusi.
ETXEGINTZAK PISU HANDIA . Eraikuntzari esker, hein handi batean: %5,6 igo da apiriletik uztailera -lehenengo hiruhilekoan baino %0,3 gehiago-. Industrian, aldiz, %0,8 moteldu da hazkundea eta %4,6ra jaitsi da. Horrek eragotzi du BPGren gorakada handiagoa. Izan ere, zerbitzuak lehenengo hiruhilekoan bezainbat hazi dira -%3,4tik %3,3ra pasatu dira-, eta nekazaritzak eta arrantzak gora egin dute, ezustean.
BPGri ekarpen gero eta txikiagoa egiten diote hilabetez hilabete: %10 jaitsi ziren urtarriletik apirilera, esaterako. Aurtengo bigarren hiruhilekoan, ordea, %0,4 hazi da lehen sektorea, arrantzaren eraginez (%12ko igoera).
Eustatek, bestela ere, jakinarazi du kontsumoa areagotu egin dela -herritarrena pixka bat jaitsi baina erakunde publikoena dezente igo da-, eta eskaerak ere gora jo duela. Barne eskaeraren igoeraizan da giltzarri, esportazioen eta inportazioen batuketak emaitza negatiboak eman baititu. Kanpoan,erosi egiten dute euskal enpresek saldu baino gehiago.
Urte hasieran baino %2,6 langile gehiago dauzkate orain, bestela ere, eta diru asko gastatzen dute enpresan bertan. Inbertsioei lotuta dago kontsumoaren hazkundea. Bigarren hiruhilekoan %5,9 hazi dira. Urtearteko mailaren pare dago portzentaje hori, Eustaten datuen arabera. Aldea, gainera, %2koa da kontsumoaren hazkundearekin erkatuz gero.
«Bake prozesuak ezin du jarraitu ekonomiaren bilakaera ezkutatzen», lehendakariaren ustez
Iazko udazkenetik hona, %4 pasatxo hazten ari da Barne Produktu Gordina EAEn hiruhilekoz hiruhileko
Datua
%5,6 Eraikuntzaren hazkundea. Sektore ekonomiko guztien artean, eraikuntza hazi da gehien aurtengo bigarren hiruhilekoan. Eustatek jakinarazi du %5,6koa izan dela hazkundea: aurreko hiruhilekoan baino %0,3 handiagoa, eta industrian baino %1 handiagoa, hain zuzen. Eraikuntza ari da BPG bultzatzen azkeneko boladan.