Bizkaiko industrian eragin zabala izaten ari da greba. Naval ontziola eta ABB enpresa geldirik daude, eta Bilboko portua eta Mercabilbao ere bai. Bilbon zarratuta daude denda eta taberna gehien-gehienak; Kale Nagusia itxita dago, sindikatuak jadanik hasita daudelako protestan inguru hartan. Piketeak ere badabiltza, batez ere El Corte Ingles aldean.
Lea-Artibai inguruan eta Busturialdean ere handia da eragina: Ondarroan portua geratuta dago (aurreko grebetan ez da hori gertatu), eta enpresa handienak itxita daude eskualdean. Erakunde publikoetan gutxieneko zerbitzuak soilik daude.
Jaurlaritzaren datuak, alorrez alor: komertzioan %98, garraioan %79, industrian %69 eta zerbitzuetan %29. Patronalak apaldu egin ditu jarraipen datuak, eta nabarmendu du aldea dagoela sektorearen arabera. Eskualdeka, kostaldean du eragin handiena, enpresarien esanetan: %77k egin dute greba. Bilbo Handian %47k eta Durangaldean %66k.
Garraioan ezarritako gutxieneko zerbitzuak normal betetzen ari dira. Apenas dabilen jenderik haietan, hala ere.
Ertzaintzako beharginek itxialdia hasi dute Erandioko polizia etxean, murrizketak salatzeko.
Eraso batzuk izan dira goizaldera Bizkaian. Lanestosan, lehergai bat atzeman dute autobus baten azpian, eta ertzainek indargabetu dute; Barakaldon, barrikadak jarri dituzte autobidean; eta Berangon Iberdolaren azpiestazio bati eraso diote. Ertzaintzarekin ika-mikaren bat izan dute piketeek goizaldean, Bilbobuseko eta Bizkaibuseko autobusak martxan jartzeko unean.