INEk 4.300 langabe gehiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian lehen hiruhilekoan

Sindikatuek ohartarazi dute estatistika horietan ageri ez diren 23.000 langabe gehiago daudela, gutxienez

Erredakzioa
2008ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herria osoan 4.300 gehiago. Urtarriletik apirilera, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) 1.500 langabe gutxiago zenbatu ditu EAEn, bai, baina 5.800 gehiago Nafarroan. Batik bat eraikuntzari eta zerbitzuei eragin die ekonomiaren motelaldiak herrialde horretan. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian berdin. Hiru horietan, gainera, 6.000 pertsona aktibo gutxiago daude. Euskadiko CCOO eta UGT kezkatuta daude jarduera tasaren (%57,3) beheranzko joerarekin. Nafarroan, tasa hori lau puntu gorago dago,eta langabe kopurua %44 hazi arren, langile kopurua ere handitu da.

«Lanpostu gehiago daude, baina ez dira nahiko lan egin gura duten behargin guztientzat». Horixe dio Nafarroako Lan eta Berrikuntza sailburu Jose Maria Roigek. INEren datuak «oso txarrak» direla, baina Administrazioa era horretako datuen «esperoan» zegoela azaldu du. INEren arabera, Nafarroako langabezia tasa %6,05ean dago: 18.700 langabe zenbatu ditu 2008ko lehen hiruhilekoan.

Herrialde horretan, dena den, «inoiz baino langile gehiago» daude, Roigen arabera. «291.300 langile, guztira, 166.800 gizon eta 124.500 emakume». Jarduera tasa igo eta, aldi berean, behin-behinekotasun tasa %26ra jaitsi dela ere jakinarazi du Lan sailburuak.



PERTSONA AKTIBO GUTXIAGO. Langabe kopuruarekin kezkatuta, eta langile kopuruarekin pozik dago. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko sindikatuak, berriz, kontrako joerarekin. Hiru herrialde horietan langabe eta langile gutxiago zenbatu ditu INEk urtarriletik hona. Langabezia tasa %5,62ra jaitsi da, baina jarduera tasak ere behera egin du. Nabarmen, gainera. CCOOk ohartarazi du lana aurkitu dutela 1.500 herritarrek, baina 4.500 pertsona aktibo gutxiago daudela une honetan EAEn, orobat.

Langileak «beste autonomia erkidego batzuetara joaten» ari direla azaldu du UGTk. Kritikatu du, gainera, INEren datuetan ez direla ageri Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan barik dauden 23.000 pertsona. «Langabeziaren benetako egoera makillatzen ari dira». LABek ere zalantzan jarri ditu INEk emandako datuak. «Erakunde horrek dio 73.700 langabe daudela Hego Euskal Herrian. INEMek, aldiz, 106.000 zenbatu ditu». Ekonomiaren motelaldiak eta lan arazoek gutxienez hurrengo urte amaierara arte iraungo dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.