Langabezia jaitsi egin zen joan den urtean Hego Euskal Herrian. INEM Espainiako Enplegu Institutuak egindako ikerketaren arabera, 2007ko abenduan 2006koan baino 1.106 lagun gutxiago (%1,13) ari ziren lan bila. Nafarroan soilik egin du gora; han 515 langabe gehiago zenbatu ditu INEMek, %2,45 gehiago hain zuzen; Bizkaian, 1.027 gutxiago (%2,43); Gipuzkoan, 531 gutxiago (%2,26) , eta Araban, 63 gutxiago (%0,60).
Azaroko datuekin alderatuta, ordea, langabeziak gora egin zuen abenduan. 957 lagun gehiago zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian, orotara 96.157. Eta Bizkaian ez beste herrialde guztietan igo zen langabe kopurua. Gehien, Nafarroan: 807 lagun gehiago zeuden han lanik gabe urtearen amaieran (%3,89); Gipuzkoan, berriz, 274 gehiago (%1,21); Araban azaroko antzeko mailan mantendu zen, %0,24 hazi eta 25 langabe gehiago zenbatu zituen INEMek. Bizkaian jaitsi egin zen tasa, %0,36 hain zuzen, eta 149 langabe gutxiago izan ziren.
BEHIN-BEHINEKOTASUNA. Eta, langabeziak bezalaxe, behin-behinekotasunak ere gora egin zuen. Abenduan egindako 78.299 lan kontratuetatik 71.649izan ziren aldi baterakoak. Batez ere, zerbitzu arloan aritzen diren langileei egin zizkieten gisa horretako kontratuak.
Hala, sektore horretakoak dira langaberik gehienak, dezenteko aldearekin gainera. 96.157 lagunetatik 62.173, hain zuzen. Era berean, nabarmentzekoak dira eraikuntza arloko datuak. Sektorea geldialdiaren arrastoak langa-bezia datuetan ere hasi da igartzen.
UGT-REN IRITZIA. UGT sindikatuak iazko urtea ontzat jo du, baina, era berean, kezkatuta agertu da. «2007an langabezia etengabe igo eta jaitsi ibili da, eta ezegonkortasun ekonomikoa enpleguaren sorreran ere islatu dela adierazi nahi du horrek», esan du Felipe Garcia sindikatuko Prestakuntza eta Enplegurako idazkariak. Hala, Eusko Jaurlaritzari enplegu gaietan duen «pasibotasuna» alde batera uzteko eskatu dio. Izan ere, UGTren hitzetan, 2008ak «ekonomikoki urte zaila izango delako itxura du».
«Bigarren seihileko langabezia datuek alertan egotera bultzatzen gaituzte; abenduan, esaterako, Bizkaian soilik jaitsi da»,adierazi du Garciak. Aldi baterako kontratuen kopurua eta emakumeen langabezia tasa jarri ditu adibidetzat. «2007an ere ez da lortu emakume eta gizonezkoan arteko oreka langabeziari dagokionez, oraindik ere gehiagodira emakumezkoak». Horrez gain, zerbitzuen sektoreko langileenegoera «prekarioa» dela salatu du UGTk.
INEMen arabera, 96.157 langabe zeuden abenduan, 2006an baino 1.106 gutxiago
Azarotik abendura bitartean, ordea, igo egin da langabezia, batez ere Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu