Ines del Rio euskal presoa askatzeko exijitu dute Iruñeko Auzitegian Pilotariak Kolektiboko kide batzuek, gaur goizean, Ateakireki.com-ek dioenez. Del Riok 2008an behar zuen libre, Espainiako legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Auzitegi Nazionalak, Parot doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta.
Espainiak hari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen joan den uztailaren 10ean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte-ordaina emateko. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek, baina aukera horren kontra agertu da Espainiako Gobernua eta, gainera, Europan helegitea sartu du.
Espainiako Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.