Ines del Rio preso ohiaren abokatuak helegite bat aurkeztu du Auzitegi Nazionalean, Espainiak ordain diezaion Estrasburgok ezarritako kalte-ordaina. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak urriaren 21ean jakinarazi zuen Del Riok 2008ko uztailetik libre behar zuela, eta 30.000 euro pagatzeko agindua eman zion Espainiari, kalte-ordain gisa.
Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek, ordea, esan zuen Espainiak ez ziola diru hori ordainduko. Azaldu zuenez, Del Riok eragindako biktimei pagatu beharreko kalte-ordaina Espainiak hartu zuen bere gain, eta preso ohiak estatuarekiko zuen "zor" hori kitatzeko, dirua ez ematea erabaki zuen gobernuak.
Auzitegi Nazionalak berak, Del Rio libre uzteko autoan, ebatzi zuen diru hori biktimei kalte-ordainak pagatzeko erabiliko zela.
Madril, langabezia ez kobratzeko ahaleginean
Ines del Riok eta Estrasburgoren erabakiaren ostean kaleratuko diren gainerako euskal presoek langabezia saria ez kobratzeko "formulak aztertzen" ari da Espainiako Gobernua, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak azaldu duenez. Rosa Diez UPDko eledunak prestazioen araudia "lehenbailehen" alda dezatela eskatu du Espainiako Kongresuan.