2004ko martxora atzera egin beharra dago Kontsumo Prezioen Indizea %2,2tik behera ikusteko. Atzo, INE estatistika erakundeak kaleratutako datuen arabera, abuztuan Hego Euskal Herrian urte arteko KPI %2,2ra ailegatu zen. Eta hori, nahiz eta uztailetik abuztura kontsumo prezioak batez beste %0,2 igo. Dena den, ez dirudi prezioek hemendik aurrera egonkor jarraituko dutenik, lehengaiak eta erregaiak garestitzeko joera hartu dutelako azken egunetan.
Hegoaldeko lau lurraldeetatik Nafarroak agertu du joera onena. Hala, foru erkidegoan prezioak %0,2 igo ziren baita abuztuan ere, baina urte arteko tasa %1,9ra ailegatu zen, Europako Banku Zentralak aspaldian ezarria duen %2ko helburutik behera, beraz. Aldiz, Gipuzkoan eta Araban dute uneotan inflazio tasarik handiena %2,4 batekin.
Sektoreka nabarmendu behar da prezio igoerarik handienak aisia eta kultura sektorean eman direla (batez beste uztailetik abuztura %1,6 igo ziren prezioak); uda erdian egonda, ostalaritzan salneurriakEAEn %1 inguru garestitu direla nabarmendu behar da; Nafarroan, berriz, %0,7 merkatu dira, ziurrenik sanfermin osteko prezio igoera handiak arindu ostean.
Nafarroako Merkataritza Ganbera pozik agertu da abuztuko KPIrekin, kontsumoak «joera ona» izatea ahalbidetuko duelakoan. Dena den, urtea amaitu bitartean kontsumitzaileek zerealaren moduko lehengaiak zein eratorriak, petrolioa,erregaiak eta euriborra adi jarraitu beharko dituztela ohartarazten du.
Euskal Autonomia Erkidegoko CCOOk ere jakitera eman du oinarrizko ondasunak nabarmen egin dutela gora, eta kezkatuta agertu da Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dioten garrantzia txikiagatik.
Europako Batzordea, berriz, kezkatuta agertu da laboreek azkenaldian izan duten igoeragatik, eta udazkenean egin ohi den lugorria kentzeko asmoa du. Bruselaren arabera aurrekaririk gabeko prezio igoera jasan dute laboreek.
Inflazioa %2,2ra ailegatu zen Hego Euskal Herrian abuztuan
Hilabetean %0,2 igo dira prezioak, baina urte arteko tasa 2004ko martxotik lortzen den txikiena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu