Informazio gehiago eman beharko dute botiken nahigabeko ondorioez

Europako Parlamentuak kezka agertu du botika hondarrek ura eta lurra «gero eta gehiago» kutsatzen dituztelako

Erredakzioa
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuak arau berriak adostu ditu, botikei eta haiek eragin ditzaketen nahigabeko ondorioei buruzko informazioa ugaritzeko. Parlamentuak atzo egindako biltzarrean onartu zituen arau horiek, eta Europako Kontseiluak onetsi behar ditu orain. Kontseiluak berretsi orduko sartuko dira indarrean, eta EB Europako Batasuneko kide diren 27 herrialdeek urte eta erdiko epea izango dute norbere legedia arau berrietara egokitzeko.

«500 milioi biztanlerekin, errazagoa eta azkarragoa da erreakzio kaltegarriak atzematea, nazio mailan bakarka lan eginda baino». Horrela arrazoitu ditu arau berriak Linda McAvan eurodiputatuak. Berak aurkeztu du txostena parlamentuaren aurrean.

Botikei eta haien ondorioei buruzko informazio gehiago emateko neurrien artean jaso dute, besteak beste, webguneak sortzea. Botikei buruzko ebaluazio txostenak eta laburpenak agertuko dira webgune horietan. Informazio zehatz eta osoa emateaz gainera, erabiltzaileek botiken ondorio kaltegarrien berri ere eman ahal izango dute. Eudravigilance izeneko datu base batean bilduko dira botiken ondorio kaltegarriei buruzko informazio guztiak. EBko instituzioek, estatuek, botiken jarraipena egiten duten agentziek eta herritarrek kontsultatu ahal izango dute datu basea.

Bestalde, osagai berriren bat duten botika guztiei kontrol osagarriak egin behar zaizkie. Horrek ere agertu beharko du botiketako informazio oharretan aurrerantzean: sinbolo beltz bat jarriko diete halako kontrol osagarriak dauzkaten botikei, eta testuan azaldu beharko dute sinbolo horren zergatia. Europako Parlamentuak iragarri du, gainera, txosten bat prestatuko duela, aztertzeko nola hobe daitezkeen botikek dakartzaten oharrak eta produktuen ezaugarriei buruzko laburpenak.

Horrekin batera, parlamentuak kezka agertu du botika hondarrek «gero eta gehiago» kutsatzen dituztelako Europako urak eta lurrak. Arrisku horiei aurrea hartzeko, EBko kide diren 27 estatuek neurriak hartu beharko lituzketela adierazi du parlamentuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.