Ingalaterrako Bankuak pizgarriei eutsiko die

2009tik %0,5ean dagoen interes tasak halaxe jarraituko du, eta 462.000 milioi euroko pizgarriei ere eutsiko die.

Jon Fernandez.
2014ko ekainaren 5a
16:08
Entzun

2009az geroztik minimo historikoetan dago interes tipoa Erresuma Batuan, %0,5ean. Eta, momentuz behintzat, horrela jarraituko du. Halaxe erabaki du  gaur Ingalaterrako Bankuak bere hileroko bileran. Era berean, ekonomiaren susperraldia hauspotzeko onartutako 462.000 milioi euroko pizgarrien planari ere eustea erabaki du. Aktibo publiko zein pribatuak erosteko erabiltzen du diru hori Erresuma Batuko banku zentralak, horrela merkatuei likidezia emateko. 

EBZren aginduetatik kanpo egonik eta Ingalaterrako Bankuen pizgarri programari esker, Europako susperraldirik indartsuena gertatzen ari da Erresuma Batuko ekonomian. Aurten %3,4ko hazkundea izatea espero dute —iaz %1,7 hazi zen BPGa— eta langabezia tasa %6,8ra jaitsi da, azken bost urteetako daturik onena lortuz. Inflazioak ere, beherako joera dauka, %1,8koa zen joan den maiatzean. 

Burbuila geldiaraztea

Datu eta aldagai ekonomikoak norabide onean doazela ikusirik, pizgarrien erritmoa txikitzea eta interes tasa igotzen hastea espero zuten ekonomista askok gaurko bileran. Ingalaterrako Bankuko diruaren interes tasaren batzordeko kide batzuk ere pizgarriei galga jarri eta interes tasa "apurka-apurka" igotzen hasteko garaia dela azaldu dute azken egunetan publikoki. Baina gaur erabaki dute oraindik ez dela iritsi momentu egokia.

Susperraldi ekonomikoa ondo sendotu arte itxarotea erabaki dute, baina ekonomia gehiegi berotu aurretik erantzutea. Baina datozen hilabeteetan etor daiteke azken bost urteetako interes tasaren lehen gorakada txikia. Ekonomiaren hazkundeak hainbat ahultasun ditu, eta sortzen ari den etxebizitzaren prezioaren gaineko burbuila da horietako bat. Arazoa bereziki Londresen eta herrialdearen hego-ekialdean dago. Interes tasak igota hipoteken gaineko zama handituko litzateke, eta burbila husten hasteko lagungarria litzateke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.