Ingeles azterketa egingo die Jaurlaritzak hiru eleko ereduan ari diren ikasleei

Probaren emaitzak jaso ondoren, 2013-2014ko ikasturtean erabat zabaldu nahi du eredua Isabel Zelaaren sailak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Hiru eleko hizkuntz ereduan ari diren ikasleei ingeles azterketa egingo diela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak jakinarazi du akordioa sinatu duela Cambridgeko unibertsitatearekin, hark azter dezan estudianteen hizkuntz maila; Europan gisa horretako jakintzak ebaluatzeko daukaten sistema erabiliko dute. Gero, emaitza horiek eta orain arteko ereduetan ari direnenak alderatuko dituzte, azken urratsa egin aurretik: Jaurlaritzaren xedea da 2013-2014ko ikasturtean erabat ezartzea hiru eleko eredua, orain daudenen ordezko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 8.000 bat ikasle ari dira ingelesa, gaztelania eta euskara biltzen dituen ereduan ikasten, proba fasean. Zelaak argitu du eskola gehiagori ez dietela jarriko eredua ezartzeko aukera, orain ari direnekin egingo dutela ebaluazioa. «Behin betiko lagina izango dira». Ikastetxe guztietan ezartzeko eredu proposamena egingo du Jaurlaritzak, baina Zelaak argitu du askatasuna eman nahi diotela eskola bakoitzari: «Esparru komun bat ezarriko dugu, baina ikastetxe bakoitzak bere ezaugarriei hobekien egokitzen zaionaren arabera egingo du aukera».

Hiru eleko ereduak atzera bueltarik ez duela nabarmendu du sailburuak, eta ziurtatu du apustua babestu egin dutela gizarteak eta ikastetxeek. «Proiektua abian jarri duten eskola guztiek jarraitzen dute». Ereduari buruzko jardunaldiak egin dituzte Bilbon, eta haien amaierako ekitaldian hitz egin zuen Zelaa sailburuak atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.