Nafarroako Gobernuak eman du datua: 103.809 ikasle ari dira aurten, herrialde horretan, unibertsitatetik kanpoko zikloetan—0 eta 3 urte artekoa kontuan hartu gabe; horretan 5.832 gehiago daude—. Iazko datuekin alderatuta, %2 egin du gora matrikulazioak. Gorakadarik nabarmenena, ingelesez irakasteko programetan —lehen TIL eredua deitzen zena, hizkuntzaren tratamendu integratua— sumatu da: 2010eko datuekin alderatuta, ia bikoiztu egin da programa horietan ari diren ikasleen kopurua: 3.999 ziren duela bi urte; eta, aurten, berriz, 7.976.
Halako programak eskaintzen dituzten ikastetxeen kopuruak ere gora egin du Nafarroan: 28 ziren 2011n, eta aurten 40 dira. Ingelesez irakasteko programetan parte hartzen duten ia 8.000 ikasle horietatik 4.646k gaztelaniaz eta ingelesez egiten dituzte ikasketak; bertze 2.260k, gainera, euskara ikasgaitzat dute; eta 458 ikaslek, azkenik, euskaraz eta ingelesez hartzen dituzte eskolak.
Gehienak, sare publikoan
Aurten unibertsitatetik kanpoko zikloetan ari diren 103.809 ikasleetatik gehienek, 67.000 baino gehiagok (%64,82), sare publikoan ikasten dute; pribatuan, berriz, 36.516 ari dira (%35,17).
Ereduei dagokienez, G eredua da nagusi, ikasleen %56,42 ari baita horretan. Gaztelania hutseko eredua da hori. D eredua, euskarazkoa, bigarrena da, ikasleen %25,91rekin. A ereduan —gaztelaniaz, euskara irakasgai gisa dutela— %17,46 ari dira; eta %0,22, B ereduan.
Iazko matrikulazioarekin alderatuta, datuak plazaratzeko modua aldatu du Nafarroako Gobernuak aurten. Beraz, ezinezkoa da iazko datuekin alderatzea, eredu bakoitzean ari den ikasle kopurua ez baitu eman Nafarroako Gobernuak oraingoz.
Ingelesez irakasteko programetako ikasleak bikoiztu egin dira bi urtean
Lehengo TIL ereduak gora egin du; denera, 103.809 ikasle daude unibertsitatetik kanpoko zikloetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu