Usurbilgo (Gipuzkoa) Ingemarrek albiste onak eman ditu ezustean. Planta itxi eta lantalde osoa (70 langile) kaleratu zuen zuzendaritzak aurreko hilean. Ez zen espero inolako berpizterik, harik eta langileek proiektu berri batean hasteko akordioa erdietsi duten arte. "Benetako industria proiektua da; makinerian eta produktuan egin beharreko inbertsioak zehazturik daude, eta jarraituko duten langileei ez zaizkie baldintzak aldatuko", azaldu ELA sindikatuak.
Urte hasieran Ingemar hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta ekainean aurkeztu zuten beharginen kontratuak hausteko erregulazioa. Kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu zen. "Hala ere, eta presio sindikal eta juridikoaren ondorioz, negoziazio-bide berriak urratu ziren, eta azkenean akordioa lortu da", dio ELAren oharrak. Itun horren arabera, lantalde erdiari pizgarriak emango dizkiete enpresatik joateko, "baja ez-traumatikoak" izango direla dio sindikatuak. 30 egun lan egindako urte bakoitzeko kalte ordaina izango dute enplegua uzten dutenek. Gainontzekoek lanean jarraituko dute, prozesu guztia hasi aurretik zituzten lan baldintzak galdu gabe.
Itxaropena galduta
"Langileek urteak daramatzate borrokan, Ingemar Taldeak industria-proiektu bat Usurbilen finkatu dezan. Urte horietan guztietan ekintza ugari antolatu dira, elkarretaratzeak, bilerak, biltzarrak, eta 150etik gora greba-egun", dio ELA sindikatuak. "Aldi gogorrak" bizi behar izan dituztela kontatu dute langileek; "batzuetan ez zegoen batere itxaropenik taldeak Usurbilgo lantegiaren aldeko apustua egiteko". Azkenean, ordea, eta enplegu erdia galdu den arren, albiste onak iritsi dira itxitzat jotzen zen enpresatik.