Bizkaiko Foru Aldundiak segurtasun neurriak indartuko ditu Zaldibarko luizia jazo zen inguruetan. Geologoek hainbat gailu ipiniak dituzte han oraindik ere mugimendurik izango balitz horiek kontrolatzeko, eta, luizia gertatu zenetik aparteko arazorik egon ez bada ere, ohartarazi dute aski eremu ezegonkorra dela oraindik. Euriarekin, gainera, arazoak ager daitezkeen susmoa dute. Hantxe behean dago A-8 autobidea, eta areagotu egin du horrek segurtasunaren gaineko kezka.
Diputazioak azaldu duenez, luizia izandako inguruan hemeretzi gailu jarri dituzte, eta egon daitezkeen lur mugimendu guztiak ongi kontrolatuak dituzte horregatik. Bihar gailu gehiago jarriko dituztela esan dute, eta, era horretan, egoeraren kontrola hobea izango dela.
Bitartean, eustorma bat eraikitzen ere ari da diputazioa segurtasun neurri gisara; sei metro garai izango da. Sare metaliko bat ere jarriko dute, deus erortzen bada hor geratzeko eta errepidera ez erortzeko. Jarriko dituzten baliabide horiek, aldundiko adituen arabera, 7.700 metro kubiko materiali eusteko gaitasuna izango dute.
Bestalde, adierazi dute autobidean ipini zuten bypassaren bitartez segituko dutela bideratzen ibilgailuen zirkulazioa, arazorik izan ez dadin.