Euskal kutxek, sustatzen dituzten jarduerekin, egiten dituzten inbertsioekin eta erosten dituzten partizipazioekin, ingurumenarentzat eta izakientzat kaltegarriak diren jarduerak sustatzen dituzte. Hala uste du Setem Hegohaizea gobernuz kanpoko erakundeak. Hiru kutxa horien lana ikertu du Globalizazioko Zorraren Behatokiak, eta atzo aurkeztu zuen Setemek. Euskal aurrezki kutxak: gizartearen eta ingurumenaren gaineko eraginaren analisia izena du dokumentuak, eta kutxen praktikak aztertzen ditu.
Besteak beste, kutxek giza eskubideak eta eskubide ekologikoak urratzen dituztela ondorioztatu dute txostenaren egileek. Kutxek zein enpresetan dirua jartzen duten aztertu dute ikerketa egiteko. BBK-k eta Kutxak Repsol, Petronor, Iberdrola eta Inverlus enpresetan parte hartzen dutela; haien partaidetzaren bidez Perun, Argentinan, Brasilen eta beste zenbait herrialdetan «ingurumen eta gizarte eskubideen urraketa larriak» egiten direla ohartarazi du Setemek.
Beste zenbait enpresatan ere parte hartzen dute euskal kutxek —CAF, Amper, Iberica del Espacio, RYMSA aipatu ditu Setemek txostenean—; horien bidez, armagintzan diharduten beste enpresa batzuetan ere eragina dute euskal kutxek.
Paradisu fiskaletan sozietateak dauzkaten enpresetan ere esku hartzen dute euskal kutxek, gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez. Eta Bizkaiko kostaldea kutsatzen, Malagako (Espainia) «ustelkeria urbanistikoan» eta Murtziako (Espainia) «eremu babestuetako ustelkeria» kasuetan zerikusirik badutela ere adierazi du Setemek.
Horregatik guztiagatik, kutxak gizartearentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren jarduerak babesten ari direla ondorioztatu du gobernuz kanpoko erakundeak. Kutxei eskatu die «beren jatorrizko espiritua» berreskuratzeko, gardentasunarekin eta kontrol publiko eta sozial handiagoarekin.
Banku etikoa eta finantzaketa etikoa indartzeko ere eskatu du taldeak, uste baitu kutxek sortze garaiko eginkizun soziala alboratu dutela. Era berean, herritarrei eskatu die finantza erakundeei «gardentasun osoa» exijitzeko, «beren diruarekin zer egiten duten jakiteko».
Ingurumen kalteak eragitea aurpegiratu diete kutxei
BBK, Kutxa eta Vital Kutxa beren eginkizun sozialetik aldendu direla ondorioztatu du Setem elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu