INGURUMENA. 252 enpresak gainditu dute Europak ezarritako kutsaduraren muga

E-PRTR inbentarioaren arabera, Muskizko Petronor da Euskal Herrian berotegi efektuko gas gehien isurtzen dituen enpresa

inaki petxarroman
Donostia
2009ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Urtero, E-PRTR enpresa kutsagarrien inbentarioa egiten dute Euskal Herriko administrazioek. 2007koan -orain argitaratu den azkenekoan- gutxienez 252 enpresak gainditu dute Europako Batasunak (EB) ezarritako kutsadura muga; aztertutako enpresen ia erdiek. 520 enpresa aztertu dituzte, baina gutxi batzuek ez dute informaziorik eman. Airera eta uretara isuritakoak kontrolatzeko agintzen die EBk enpresei, eta ezarritako isurien muga gaindituz gero, argitaratzera behartzen ditu estatuak.

Artsenikoa, merkurioa, bentzenoa, CO2, SO, CO, NO2... Airea, lurra, ura, landareak, animaliak eta gizakiak pozoitzen dituzte egunero. Milaka lagunen heriotza eragiten dute Europan urtero, baina ekoizpen industrialari lotuak dira aspalditik, eta Euskal Herriko toki industrialetan erruz daude. 50 gai toxikorentzat muga ezarria die Europako Batasunak estatuei eta enpresei, ez gainditzeko aholkatuz. Alabaina, Europak aholkatutako kopuruetatik oso goiti isurtzen dute enpresa ugarik; tartean, mozkinik handienak dituzten batzuek: Pasaiako Iberdrolaren zentral termikoa, Muskizko Petronorren findegia, Castejongo zentral termikoak, Donostiako, Arrigorriagako eta Olatzagutiko porlan fabrikak, Sestaoko eta Zumarragako altzairu fabrikak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EDAR ur araztegiak...

Aspalditik daude identifikatuta gune beltzak. Kutsaduraren muga ere ezarria dago. Baina urtetik urtera enpresek berek Administrazioari emandako datuetan,ez dago kutsadura zuzentzen ari diren arrastorik.

Muskizko Petronor enpresak 2.428.336.000 kilo CO2 isuri zituen airera 2007an, 100.000.000 kiloko muga 24 bider gaindituta. Pasaiako Iberdrolaren zentral termikoak, esaterako, 3.881.300 kilo NO isuri zuen, EBk 100.000 kiloko muga ezarri arren. Bi adibide baino ez dira. Bi enpresek hainbat gai toxiko isuri zituzten kantitate handian bai airera eta bai uretara. Eta urteak daramatzate horretan. «Kutsagarrienaren saria eman beharko bagenu, Petronorri eman beharko genioke. Eta, gainera, koke planta bat martxan jartzeko ingurumen baimena jaso du. Horrek erakusten du enpresa hauen zigorgabetasuna», adierazi du Carlos Alonso Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak. Bat dator Julio Barea Greenpeaceko kutsaduraren aurkako kanpainako arduraduna: «Ikaratzekoa da. Administrazioek ez ikusiarena egiten diote enpresa handien kutsadurari. Petronorri dagokionez, ezin da ulertu koke plantarena, kontuan hartuta oso toki kutsatuan egingo dutela, jende asko bizi dela inguruan, eta herritarrak kontra agertu direla hamaika aldiz. Berriro ari gara ikusten interes pribatuak herritarren ongizatearen eta osasunaren gainetik daudela».

Inbentarioaren «hutsuneak»

Inbentarioan datuak jartzea ontzat jo dute ekologistek, baina hutsuneak nabarmendu dituzte. «Enpresek eurek ematen dituzte datuak, eta batzuetan aurpegia garbitzeko, gainera. Hutsune asko daude. Urte batzuetan, datuak badaude, beste batzuetan ez... Argi dago datuak orrazten dituztela Administrazioari helarazi aurretik», esan du Bareak.

Edonola ere, datuek urtetik urtera erakusten dute kutsadura ez dela gutxitzen. Ekologisten ustez, horren arrazoia da enpresek ez dutela inbertsiorik egiten kutsadura murrizteko. «Erregistroak urtero berresten du hau: enpresek kutsatzen jarraitzen dutela, eta zigorrik gabe geratzen direla. Joera eteteko, Administrazioak borondatea erakutsi beharko luke legea betearazteko. Eta borondate hori, gaur egun, ez dago», dio Carlos Alonsok.

Kutsaduraren gaia larria dela iruditzen zaio Greenpeaceko ordezkari Bareari, ingurumenean duen eraginaz gain, gizakien osasunean ere eragina duelako. «Errauste plantek, esaterako, muga zientifiko onargarririk ez duten sustantziak isurtzen dituzte; dioxinak, bentzenoa eta abar. Horiek erabat debekatuta egon beharko lukete, baina lurrera, airera eta uretara isurtzen jarraitzen dute». Eta politikariek errauste planten alde apustu egiten jarraitzea «lotsagarria» iruditzen zaio: «Gainera, esaten dizute energia berreskuratzen ari direla. Baliabideak erretzeak ezin du irtenbidea izan».

Berriki jakin da Zabalgarbi Bilboko errauste plantaren inguruan nabarmen handitu dela kutsadura. Inguruko lurretan artseniko, bario, zink, potasio eta sodio kantitatea dozenaka bider handiagoa da aurten egindako analisietan aurreko urteetakoetan baino. Datu horiek aztertzen ari dira orain. «Zabalgarbirena ikusita, Administrazioaren erantzunak zuzena izan beharko luke. Tximinia itxi beharko litzaioke, ezin da hori dena isurtzen utzi», esan du Bareak. Horrez gain, ikerketa epidemiologikoak egin beharko lituzke Administrazioak hainbat enpresaren inguruetan, Greenpeaceren ustez. «Askotan eskatu ditugu, zeren badakigu eragin handia duela kutsadurak jende askoren gaixotasunetan eta heriotzetan. Baina ez dituzte egin nahi, emaitzak eskandaluzkoak liratekeelako», salatu du.



Zer da E-PRTR erregistroa?

Europako Batasunak estatuei eskatzen dien enpresa kutsatzaileen bilduma da. Europak 50 gai toxikoren jarraipena egiteko eskatzen die enpresei, eta gai horietan kutsadura muga bat ezartzen du. Muga hori gaindituz gero, erregistroan argitaratzera behartzen ditu administrazioak. 2000. urtean erabaki zuen Europako Batasunak erregistroa osatzea.







Enpresa kutsagarriak herrialdeka

Hauek dira, herrialdez herrialde, daturik esanguratsuenak:

Araba: 27 enpresak gainditu dute Europako Batasunak ezarritako kutsadura muga gai toxikoren batean. Haien artean nabarmentzekoak dira Krispiñako EDAR ur araztegiak uretara egiten dituen isurketak. Beruna, nikela, merkurioa eta beste gai toxiko batzuen kutsadura muga erruz gainditzen du araztegiak.

Bizkaia: Guztira 63 enpresak gainditu dute kutsadura muga gai toxikoren batean Bizkaian. Haien artean, nabarmentzekoa da Muskizko Petronor. Azken urteotako joerari jarraiki, munduko berotegi efektua eragiten duen CO2 gehien isuritako Euskal Herriko enpresa izan zen: 2.428.000 tona isuri zituen, 100.000 tonako muga 24 bider gaindituta. Haren atzetik, Sestaoko ACB altzairutegia ere nabarmentzen da, bederatzi gai toxikotan gainditu baitu EBk ezarritako muga.

Gipuzkoa: 45enpresak gainditu dute Europako Batasunak ezarritako kutsadura muga. Pasaiako zentral termikoa da haien artean kutsatzaileenetakoa, gai toxikoz betetzen baitu inguruko aire eta ura. Adibidez, nitrogeno monoxidoaren kutsaduran, 38 bider gainditu zuen Europaren muga. Zentral termikoaz gain, besteak beste hauek ere nabarmentzen dira Gipuzkoan: Donostiako Añorgako Rezolaren porlan fabrika, Zumarragako Arcelor Mittal altzairutegia, Hernaniko Guipuzcoana paper fabrika, Loiolako EDAR ur araztegia eta Altzoko harrobia.

Lapurdi: Kutsadura kasu larririk ez da azaltzen E-PRTR erregistroan Ipar Euskal Herrian. Nabarmentzeko kasu bakarra Bokaleko Celsa Franceko altzairutegia da.NO2 isuriak legeak baimendutakoa 10 aldiz gainditu zuen enpresa horrek.

Nafarroa: Enpresa kutsagarri kopururik handiena duen herrialdea da (113). Txerri haztegiak dira gehienak, eta amoniakoa isurtzen dute legeak ezarritako kopuruaren gainetik. Baina kutsadurarik larriena Castejongo zentral termikoek eragiten dute. Bien artean, 1.600.000 tona CO2 isuri zituzten, legeak ezarritakoa 16 aldiz gaindituta. Horrekin batera, Sakanako porlan fabrika da herrialdeko beste gune beltz bat.





@sarean

E-PRTR erregistroari buruzko informazio gehiago Interneteko honako lotura hauetan:



www.prtr-es.es.

www.eper-euskadi.net.

www.pollutionsindustrielles.ecologie.gouv.fr/IREP
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.