INGURUMENA. ENERGIA EOLIKOA. Merezi al du?

Elkarte ekologistek azpimarratu dute energia ereduaren gaineko prozesu parte-hartzaile baten beharra dagoela, eolikoarena barne.

Jon Rejado.
Gasteiz
2009ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Energia apur bat lortzeko ingurumen ederrenetan parke eolikoak jartzea merezi al du? Galdera hori behin eta berriro sortzen da haize energiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen garapena aztertzen denean. Hala, egitasmo guztiak gauzatuko balira, EAEn kontsumitzen den argindarraren %5 baino gutxiago ekoitziko lukete baldintza onenak izango balira. Datu horien atzean, ingurumenaren babesaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garapen energetikoaren inguruko eztabaida ikusten dute gehienek.

Eusko Jaurlaritzaren energia estrategiak bere egin zuen Europatik heldutako proposamena; 2010. urterako energi kontsumo osoaren %12 energia berriztagarrien bitartez lortzeko erronka finkatu zuen. 2000. urtean iturri berriztagarriek sortutako energia energia osoaren %4 zen, eta gaur egun %4,5 eta %5 inguruan da. Helburua ez dela beteko uste du Jaurlaritzak, eta zalantza sortzen da 2020. urterako erronkak zehazteko orduan. Europatik heldu den proposamenaren arabera, sortutako energiaren %20k berriztagarria izan beharko luke.

Hori horrela, energia berriztagarrien beste garapen eredu bat ezartzeko beharra ikusten dute ekologistek. «Teknikariek bildu behar dute, adituek, eta, denon onespena duen eredu bat finkatzeko, gizartera jo behar dute; prozesu parte-hartzaile hori Europan gertatzen ari da une honetan», azaldu du energia eolikoa «egoki» sartzearen aldeko plataformako kide batek.

Euskal Autonomia Erkidegoak lur eremu txikia du, malkartsua, biztanle askokoa. Hala, energia eredurako ikuspegi zabalagoa izatea garrantzitsua dela adierazi du Sergio de Juanek. Globalizazioa edozertarako erabiltzen da, energiarako izan ezik; energia kontuetan buruaskiak izateko asmoa zentzugabekeria da. Europa mailako plangintza proposatzen du, bakoitzak eskain dezakeena zehaztu eta horren arabera plangintzak egiteko.

Naturaren zaintza baloratu

Horrez gain, natura ondarearen garrantzia babestu beharko litzateke, ekologisten ustez. Parke eoliko txikiak jartzerakoan udalerriek zeresan handia dute, eta ez badute diru iturririk, parkeak onar ditzakete. Hala, naturaren aniztasuna zaintzea ekonomikoki baloratua egon beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.