INGURUMENA. HARTZAK PIRINIOETAN. 'Camille' eta 'Nere', bi hartz eta ibar bat

Erronkarin bizi dira bi animaliak; 'Camille' duela hamabi urte ailegatu zen Nafarroara, eta, Gobernuaren arabera, bizirik da

edurne elizondo
Iruñea
2009ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Udaberriak martxan jarri ditu, berriz ere, Pirinioetako hartzak. Bai eta Camille ere, Nafarroako Gobernuak hedabide baten bidez jakinarazi duenez. Azken hamarkada Euskal Herriko mendietan eman duen hartz zaharra da Camille: 25 urte inguru ditu, urte anitz hartz arre batentzat. Horregatik, hartzulotik atera, eta bertze urte bati aurre egiteko prest izatea bada nabarmentzekoa. Camille, gainera, ez dago bakarrik euskal Pirinioetako basoetan. Nere hurbil du. Bertan jaiotako hartza da Nere, baina Esloveniakoak ditu gurasoak. 2006an eta 2007an haren arrastoak aurkitu zituzten Nafarroan, baina Nafarroako Gobernuak iaz arte ez zuen onartu Nere herrialdean zela.

Joan den apirilean hainbat eraso izan ziren Erronkariko ibarrean. Gobernuak Camille-ri egotzi zizkion, baina bertako artzainek ez dute argi hartz zaharra edo Nere izan ote den.

Camille baino gazteagoa da Nere (12 urte inguru ditu), bai eta handiagoa ere. Ilea, gainera, askoz ere argiagoa du. Bada bi hartzak bereizteko bertze ezaugarri bat: azken hilabeteotan Camille jo duen gaixotasunak animaliari utzi dion arrastoa, ilerik gabeko bizkarraldea, alegia. Emilio Perez Ordunak ederki bereizten ditu bi animaliak. Erronkarin basozaina da, Erronkariko Ibarreko Batzarreko basozain. 1997. urtean aurkitu zituzten Nafarroan Camille-ren lehendabiziko arrastoak, eta Perez Ordun izan zen lan horretan aritu zirenetako bat. Geroztik, gertutik jarraitu ditu hartzaren urratsak, eta ikusi ere, ikusi egin du. Bai eta Nere ere. Joan den apirilean, zortzi metro eskasera izan zuen hartz gaztea. «Ingurumen Departamentuko teknikariekin nintzen, arrastoak biltzen; hartza gure ondoan agertu zen». Azaroan berriz ikusi zuen hartza, urrunago bigarren aldi horretan. «Elur artean sarrio bat jaten ari zen; ederki ikusi ahal izan nuen prismatikoekin».

Erronkariko artzainek bezala, apirileko erasoak Camille-k egin ote dituen ez du batere argi basozainak. «Inguruan Nere zegoen». Nafarroako Gobernuari erasoak Camille-ri egoztea interesatzen zaiola uste du berak. «Nahiago dute artzainek pentsatzea inguruan den hartza animalia zaharra dela». Gobernutik Erronkarira informaziorik ez dela heltzen salatu du, gainera. «Niri ere ez didate deus erraten teknikariek. Lehen jasotzen nituen arrasto guztien berri ematen nien, baina orain ez, haiek ez baitute deus erraten».

Nere Pirinioetako erdialdetik ailegatu da mendebaldeko gunera, eta, horren inguruan, hain zuzen ere, daturik apenas zabaldu duen Nafarroako Gobernuak. Iaz, Perez Ordunak Nere ikusi zuenean, Ingurumen Departamentuko hainbat kiderekin zegoen. Haiek ere ikusi zuten; Gobernuak, ordea, hartza Camille zela erran zuen. Biak bereiztea erraza zen, Camille-k ilerik ez baitzuen bizkarraldean. Perez Ordunak ez zuen zalantzarik: ikusi zuena ez zen Camille. Gobernuak udara arte ez zuen onartu bertze hartz bat bazela Nafarroan Camille-rekin.

Horregatik, zalantzak sortu zaizkio Erronkariko hainbat biztanleri apirileko erasoen inguruan. Perez Ordunari bezala. «Onartu dute bertze hartz bat badela, baina badirudi haren ingurukoak isilean eduki nahi dituztela». Horren erakusgarri, berriki bi pinutan aurkitutako hartzen arrastoekin gertatukoa aipatu du basozainak. Euren lurraldea markatzeko zuhaitzetan atzaparren arrastoa uzten dute hartzek. Are gehiago orain, Camille eta Nere hain gertu direnean. Perez Ordunak Ingurumen Departamentuko teknikariei erran zien bi pinutan halako markak aurkitu zituela. «Ikustera etorri, eta zuhaitzak bota nahi izan zituzten. Jendeak ez ikusteko. Noski, ez nien utzi».

Camille-ren gaixotasunaren inguruan ere ez da garbi mintzatu Nafarroako Gobernua. Iazko apirilean eman zuen eritasunaren berri, Camille atzeko aldean ilerik gabe agertzen zuen argazkiaren bitartez. Hartza gaixo zela, ordea, urtebete lehenago jakin zuten Ingurumen Departamentuko kideek, animaliari atera zizkioten bertze hainbat argazkiren bidez. Botikaren bat emateko aukera aztertu zuten, baina azkenean ez zuen halakorik egin Gobernuak, hartza sendatu omen zelako. Urtebete geroago, hala ere, dermatitisaren arrastoak agerikoak ziren, oraindik, Camille-ren gorputzean.

Indarberritzeko garaia

Hartzen inguruan informazio eskasa ematen du Nafarroako Gobernuak. Eta hori dela eta, animalia jada hilik dela uste duenik ere bada Erronkariko herritarren artean. Perez Orduna ez da horietakoa. Urte hasieran hartz zaharraren arrastoak aurkitu zituela azpimarratu du. Iaz ikusi zuenean ere arazorik gabe eta azkar mugitzen zela nabarmendu du basozainak. Ikusi ez ezik, hamaika aldiz entzun egin du Perez Ordunak Camille. Hagitz gertu, zenbait alditan. «Baina ez zait oldartu. Nire usaina ezagutzen duela uste dut. Badakiela nor naizen».

Neguan zuloan galdutakoak berreskuratzeko ordua da orain hartzentzat. Sortu berri den belarra jaten dute. Basoak ematen dizkien fruituak. Eta jatekoa eskasa denean, ardiei eta ahuntzei erasotzen diete. Negu gogorraren ondorioz basurde eta orein anitz hil da Erronkari inguruan, eta horiek ere profitatzen dituzte hartzek. «Basurdeak argal daude, baina oreinen bat aurkituz gero badute zer jan Nere-k eta Camille-k».

Udan, «desagertzeko ordua» ailegatuko zaie. «Eme bila abiatzen dira». Maiatza eta uztaila bitarte egoten dira araldian hartzak. Mendebaldeko gunean, ordea, emerik ez dago: Cannelle zen azkena, baina 2004an hil zuen ehiztari batek. Cannelito kumea utzi zuen. Nere da, hain zuzen, Cannelito-ren aita. Horrek erakusten du Camille baztertzeko gai izan zela hartz gaztea emearekin egoteko unean. Hau da, ordura arteko hartz nagusia baztertzeko gai izan zela.

Aurretik gauza bera egin zuen Papillon-ekin. 2005ean, berez hil zen Papillon, baina nekropsia egin ziotenean hainbat perdigoi aurkitu zizkioten gorputzean. Nere izan daiteke, beraz, hartz nagusia mendebaldeko gunean, gaur egun. Camille-ren lurraldea partekatzen du, neurri handi batean, hartz zaharra noiz hilko den zain, ziurrenik.



«Hartz arrearen egoera,gaur egun, guztiz kritikoa da Pirinioetakobaso eta mendietan»

NATURA BABESTEKO NAZIOARTEKO BATASUNEKO FRANTZIAKO BATZORDEA




2008a, urte zailaPirinioetako hartzentzat

Iazkoa ez zen urte erraza izan Pirinioetan hartzentzat. Balou tirokatu egin zuen ehiztari batek Pirinioetako erdialdeko gunean. Hanka batean hartu zuen tiroa. Mugitzeko gai zen, eta aurrera egin du. Boutxi, berriz, minibus batek harrapatu zuen. Istripua izandako tokitik alde egin zuen. Hura ere onik dago.



12

Camille, 1997tik Nafarroan. Erronkariko artzainek 1998. urtean salatu zituzten Camille hartzaren lehendabiziko erasoak. Aurretik ere aurkituak zituzten Ingurumen Departamentuko teknikariek animaliaren arrastoak, 1997tik. Hasierako zalaparta baretu da ibarrean.



@sarean

Hartzari buruzko informazio ugari zabaltzen dute Frantziako bi talde ekologistak euren webguneetan:

www.fiep-ours.com. Fiep taldeak hartzen jarraipena egiten du mendebaldeko gunean.

www.paysdelours.com. Hvala-ri gune berezia eskaini dio Adet taldeak.



Hartzak askatzeko planari buruz erabaki behar dute

2006an bost hartz askatu zituen Frantziak Pirinioetako erdialdean; haietako bi hilik dira jada. Hasierako asmoa zen bost urteko epean hamabost askatzea. Sorturiko zalapartak atzera bota zituen asmo horiek. Orain, populazioa sendotzeko bertze hainbat hartz ekarri edo ez aztertzen ari da Frantzia.



Mendebaldeko gunean emerik ez da

2004an akabatu zuen ehitzari batek Pirinioetako azken hartz arre emea, Cannelle. Geroztik, emerik ez da mendebaldean. Talde ekologistek funtsezkotzat jo dute mendebaldera eme bat eramatea. Camille, Nere, Aspe eta Cannelito bizi dira bertan. Cannelito da Cannelle-ren azken kumea.



'Hvala'-k bertzebi kume izan ditu

Hilaren 2an hartzabere bi kume jaio berriekin ikusi zuten Aran ibarreko basozainek
E. Elizondo. Iruñea

Ez du hutsik egin. Espero zena egiaztatu ahal izan dute Aran ibarreko basozainek, Herrialde Katalanetan: Hvala hartzak bertze bi kume izan ditu. Bertze bi hartz jaio dira Pirinioetan. Bertze bi hartz, galtzeko arrisku bizian dagoen populazioa sendotzeko. 2006. urtean ailegatu zen Hvala Pirinioetara, Esloveniatik. Frantziako Gobernuak askatu zuen, erdialdeko mendietan. Pirinioetan lehendabiziko aldiz zuloan sartu eta gero, bi kumerekin agertu zen hurrengo udaberrian, 2007an: Pollen eta Bambou, biak emeak. Urte hartan ama eta kumeak elkarrekin sartu ziren berriz hartzuloan udazkenean, baina, handik aterata, 2008ko hasieran, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Ama eta kumeak banatzeko unea ailegatu zen. 2008ko udaberri-udan, zikloa errepikatu zen. Araldian jarri, arrarekin bat egin, eta, berriz ere, ernari sartu zen Hvala zuloan. Hantxe jaio ziren urtarril aldera orain Pirinioetako mendiak amarekin zapaltzen dituzten bi kumeak. Eta elkarrekin eginen dute urte osoa. Bakoitzak bere bidea hartu arte.

Jaiotza bikoitzaren berriak apur bat argitu du berez hagitz iluna den Pirinioetako hartzaren egoera. Gainera, ez omen da Hvala ama bakarra izan udaberri honetan; Saroussek ere kumeak izan omen ditu, eta, baliteke, halaber, Caramelle-k ere izatea. Sarousse 2006an eraman zuten Esloveniatik Pirinioetara, Hvala-rekin batera. Caramelle, berriz, Pirinioetan jaioa da, baina Esloveniakoak ditu gurasoak, Pyros eta Melba. Melba 1997. urtean akabatu zuen ehiztari batek.

Azken urteotako daturik onenak izan daitezke aurtengoak, jaiotzei dagokienez. Hvala-ren kasua da aipagarriena, hala ere, joan den udazkenean, zuloan sartzekotan zenean, hartza harrapatzen saiatu baitziren Arango agintariak. Talde ekologistek hartza ernari zela ohartarazi zuten, eta bazela kumeak galtzeko arriskua. Eguraldiak okerrera egin zuen, eta Hvala harrapatzeko saioak bertan behera utzi zituzten. Animaliak zuloan sartzeko aukera izan zuen, azkenean.

Hartzaren kontrako jazarpena urrian hasi zen, hartzak ehiztari bat zauritu eta gero. Basurde ehizan ari zen ehiztaria, txakurrarekin, hartzarekin topo egin zuenean. Oihuka hasi zitzaion, eta airera ere tiroren bat bota omen zuen; animaliak, ondorioz, eraso egin zion. Hamalau puntu jarri behar izan zizkioten ehiztariari, zazpi beso batean, eta bertze zazpi hanka batean. Arango Gobernuak hartza harrapatzea erabaki zuen. Talde ekologistek, berriz, salatu zuten asmo hori, eta hartzak bere burua babestu bertzerik ez zuela egin nabarmendu zuten. Zalaparta handia sortu zuen gertaerak, eta mahai gainean jarri ziren, berriz ere, hartzak askatzearen aldeko eta kontrako iritziak. Kontra direnen artean abeltzainak eta artzainak dira nagusi. Alde, berriz, talde ekologistak, bai eta gizartearen zati handi bat ere. Frantziako Gobernuak inkesta egin zuen iaz herritarren artean, eta gehienak hartzen alde agertu ziren: frantziarren %76; Pirinioetako Departamenduetako herritarren %69, eta Pirinioetako mendi herrixketako biztanleen %55. Inkesta Hvala-k eta ehiztariak topo egin eta gero egin zuten.

Hartzaren eta ehiztariaren arteko istripuaren auziari Espainiako Ingurumen Ministerioaren eta Arango Gobernuaren arteko akordioarekin eman zioten amaiera, hain zuzen ere.

Arango agintariek Hvala harrapatzeko asmoa baztertu zuten, behin betiko, urte hasieran, eta, horren ordez, Ingurumen Ministerioak hartzaren urratsak jarraitzeko taldea osatuko zuela onartu zuen, abeltzainek eta ehiztariek une oro jakin dezaten hartza non den. Akordio hori bete, eta hartzaren urratsak jarraitzeko taldea lehenbailehen osatzeko eskatu dio Arango Gobernuak Espainiakoari, duela egun gutxi.

Oraindik egoera larrian

Oraindik azalaren azpian du Eslovenian jarri zioten txipa Hvala-k, eta, hari esker, haren urratsak jarraitu ahal izan dituzte orain arte. Hartza non zen jakinda ikusi ahal izan zituzten animaliaren bi kume jaio berriak, hilaren 2an, Aranen, Bossots herriko mendietan. 2006an Piriniotara ailegatu zenetik lau izan ditu Hvala-k. Lehendabiziko biak hazteko gai izan zen, eta, orain ere, lan horretan ari da. Kumeak elikatzen, zaintzen, eta babesten. Dakiena haiei irakasten, nork bere bidea hartzeko ordua ailegatzen denean aurrera egiteko gai izan daitezen. Horrek erakusten du ederki egokitu dela Hvala bertako baldintzetara. Horixe azpimarratu dute talde ekologistek, eta jaiotzaren berria kontent hartu dute. Egoera, hala ere, oraindik ere hagitz larria dela gogoratu dute. «20 hartz inguru baino ez dira Pirinioetan; hartzak askatzeko programarekin aurrera jarraitzea ezinbestekoa da populazioa sendotzeko», erran dute Adet-Pays de l'Ours taldeko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.