INGURUMENA. HIRI HONDAKINAK. Atez ateko bilketaren aldeko apustua egin du ezker abertzaleak

Sistema horren bidez birziklatzea %20tik %80ra igo daitekeela dio, eta errauste planta inposiziotzat jo du

EIHARTZE ARAMENDIA DONOSTIA
2008ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Bilketa sistema zaharkituaren alternatiba onena, material organikoa ere kontuan hartuko duen atez ateko bilketa da». Horren aldeko apustua egiten du ezker abertzaleak. Pello Gaskon Irungo zinegotziak eta Gabi Isasi ezker abertzaleko kideak atzo Donostian egin zuten agerraldian adierazi zuten Usurbilen martxan jarriko den eredua -atez ateko hondakinen bilketa- gainerako herrietarako erreferentzia izango dela eta, aldi berean, hori dela hiri hondakinak kudeatzeko etorkizunerako bidea.

Hiri hondakinen kudeaketa bideratzeko alternatiba atez ateko bilketa dela frogatzeko, beste herrialdeetako ereduak hartu dituzte kontuan: «Atzerriko hainbat herritan frogatu den bezala, atez ateko bilketak birziklatze tasa %20tik %80ra igotzen du». Horren haritik bi galdera jarri dituzte mahai gainean: «Zer arrazoi du Gipuzkoako Diputazioak birzikla daitezkeen materialak erretzeko, atez ateko bilketak horrelako emaitzak lortuta? Zergatik jarri arriskuan herritarren osasuna, konponbide osasungarria eskura edukita?».

Zubietan (Gipuzkoa) eraiki nahi duten errauste planta «inposiziotzat» jo du ezker abertzaleak: «Markel Olano ahaldun nagusiak, Carlos Ormazabal diputatuak eta enparauek Zubietako errauste plana kutsagarria eraiki nahi dute. Herritarren borondatearen eta herritarren osasunaren gainetik, errauste planta bat inposatu nahi digute».

Horretaz guztiaz gain, egungo hiri hondakinen kudeaketa ere izan dute hizpide: «San Markos ixtea inguruko bizilagunentzat lorpen handia bada ere, mankomunitate horretako herrien zaborra beste hiru zabortegietara eramatea ez da konponbidea».

Bestalde, errauste plantarekin aurrera jarraituz gero herriaren borondatea aurrez aurre izango dutela ohartarazi diete Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari, Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakariari eta Odon Elorza Donostiako alkateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.