INGURUMENA. ZUBIETAKO ERRAUSTE PLANTA. Zubietako hondakinen bila

Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako enpresa handiek aurkeztu dituzte proposamenak Zubietako errauste plantaren obrak egiteko; besteak beste, Zabalgarbi kudeatzen duten biek.

inaki petxarroman
Donostia
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Hiru enpresa taldek egin dizkiote proposamenak Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari 300 milioi euroko aurrekontua duen Zubietako errauste planta egiteko. Ondokoak dira enpresa taldeak.

1. Faboritoen zerrenda

Proposamenak aurkeztu dituztenen artean lehen enpresa taldea da obraren ardura jasotzeko faboritoa. Taldeko burua FCC enpresa espainiar erraldoia da. FCCk Hego Euskal Herriko hondakin gehienak jasotzeaz eta kudeatzeaz arduratzen da. Munduko 54 estatutan barreiatuta dauzka negozioak, eta 12.700 milioi euroko fakturazioa du. Esther Koplowitz dirudun espainiarraren enpresak baditu adar indartsuak Euskal Herrian; besteak beste, Cementos Lemona eta Portland Valderribas porlan fabrikak. Halaber, Zabalgarbiko akziodun pribatu nagusia da. Jaurlaritzako Teknologia, Energia eta Industria Garapenerako sailburuorde Xabier Garmendia da Zabalgarbiko presidenteordea egun. Garmendiak Gipuzkoako hondakinen plan nagusia egin zuen, Javier Ansorena Aldundiko teknikariarekin batera. Hondakinetan ez ezik, azpiegitura handien eraikuntzan ari da FCC; besteak beste, abiadura handiko treneko lanetan. Nicolas Redondo Terreros PSE-EEko buru ohia da enpresako kontseilarietako bat.

Lehen talde horren beste bi hanka nagusiak Serbitzu eta Altuna y Uria enpresa gipuzkoarrak dira. Xabier Agiriano EAJko kidea da Serbitzu SL enpresako ordezkari nagusia. Serbitzu SLk kudeatzen du A-8ko autobidea, eta Gipuzkoako administrazioekin kontratu ugari ditu. Aralarrek 2007an leporatu zion enpresa horri «influentzia politikoen trafikoaz» baliatzea A-8 autobidearen kudeaketaren lehiaketan. 2007ko foru hauteskundeetan diputatu nagusirako EAJko hautagai izateko aurkeztu zenak, Jon Jauregik, hautagaitza bertan behera utzi zuen, «ustezko zerga iruzurrak» leporatu zizkiotelako. Jauregik Xabier Agirianoren enpresa batean lan egin zuen 2006ra arte, DBSn.

Altuna y Uriak esku hartu du Ap-1eko, Donostiako bigarren ingurabideko, Bilboko supersurreko eta abiadura handiko treneko lanetan. Hain zuzen ere, obra horretan ari zelako hil zuen ETAk Inazio Uria enpresako burua 2008ko abenduaren 3an. Gaur egun Zubietako errauste plantara iristeko errepidea egiten ari da.

Haiekin batera aurkeztu den azken enpresa AE&E multinazional austriarra da. Errauste plantak egiteko teknologia eskaintzen du enpresa horrek, besteak beste. AE&E ezaguna da, adibidez, Babcocken jabea delako. Sestaoko enpresa ixteko asmoa du Babcockek, eta 400 langile utziko ditu kalean, ordaintzeko dirurik ez duela argudiatuta.

2. Lehiatzeko gertu

Bigarren taldean aurkeztu dira Befesa Agua eta Befesa Gestion de Residuos Industriales SL enpresa espainiarrak. 1.500 milioi euro fakturatu zituen 2009an, eta hondakin industrial ez-arriskutsuen gestioan aritzen da batez ere. Harekin batera bi multinazional europar indartsu daude, eta Gipuzkoako bi eraikuntza enpresa. Novergie da taldearen ardatza. Frantziako hondakinen kudeaketako enpresa indartsuenetakoa da, 40 errauste planta kudeatzen baititu han -besteak beste, Pauekoa-. Novergie GDF Suezena da. Iaz 42.300 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta aurten International Power Erresuma Batuko enpresarekin bat egin du. Munduko energia arloko enpresarik indartsuenetakoa sortu dute.

Novergierekin batera Thyssenkrupp da taldeko enpresa indartsuena. 40.000 milioi euro fakturatu zituen 2009an Alemaniako enpresak, eta adarrak ditu 80 estatutan. Besteak beste, zentral termikoen, porlan fabriken eta errauste planten teknologia sortzailea da. Euskal Herrian enpresa bat baino gehiago ditu. Adibidez, Alonsotegikoa zeresana ematen ari da, 120 langileko lantegia itxi nahi duelako.

Talde hau Galdiano eta Antzibar eraikuntza enpresa gipuzkoarrek osatzen dute. Galdiano azpiegitura lan garrantzitsuetan aritu da; besteak beste, Bilboko hegoaldeko saihesbidean, Donostiako bigarren ingurabidean eta Eibar-Gasteizen.

3. Itxuraz, ahulena

Errauste planta egiteko lehiaketara aurkeztu den hirugarren taldeak du, itxuraz, irabazteko aukerarik txikiena. Taldeko burua Sener enpresabizkaitarra da. Sener Zabalgarbiko akziodun pribatu nagusietako bat da, FCCrekin batera. Harekin batera LKS Ingenieria MCC taldeko enpresa eta Construcciones Amenabar aurkeztu dira. Amenabar zarauztarrak azpiegitura garrantzitsuetan esku hartu du; besteak beste, Bilboko metroan, AHTan eta hainbat errepidetan. El País-ek 2007an argitaratu zuen erreportaje baten arabera, Luis Amenabar enpresako buruak harremanak izan zituen Victor Bravo foru ogasuneko zuzendari ohiarekin (EAJ). Bravo Glass ustelkeria auziko akusatu nagusia da.

Aurkeztutako enpresa taldeak

1. ENPRESA TALDEA

FCC SA

Serbitzu Elkartea SL

Altuna y Uria SA

AE&E Inova SA

2. ENPRESA TALDEA

Befesa Agua SAU

Thyssenkrupp Xervon Energy, GMBH, V.A.T.

Befesa Gestion de Residuos Industriales, SL

Novergie, SA

Construcciones Galdiano SA

Antzibar SA

3. ENPRESA TALDEA

Sener Ingenieria y Sistemas SA

LKS Ingenieria (MCC)

Construcciones Amenabar SA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.