Zertarako dirua gastatu, gero horrek «ezertarako» balio ez badu? «Nik gas naturala sartu nahi dut etxean. Baina ez dut 3.000 euroko instalazio bat egin nahi, gero pisua kendu behar badidate. Modu berean, bizilagun askok ez dute etxean lanik egin nahi, badaezpada ere».
«Badaezpada» horrek auzoaren «etengabeko degradazio soziala» dakar, Camposen idurikoz. Mendelu atzean egitekoa zen errepidearen proiektua geldirik dago; bai eta ondoko San Miguel auzoan babes ofizialeko 700 bat etxebizitza egiteko proiektua ere. «Kontu asko geldituta daude, behin betiko erantzuna eman ez dutelako», dio Camposek. «Handituko dute?, bai ala ez? Hori da jakin nahi duguna. Erantzuna ezezkoa bada, lasai. Eta baiezkoa bada, ongi, hitz egin dezagun diruaz eta auzoaren kokaleku berriaz». Aireportuaren pista handitzeak Mendeluko mila bat bizilaguni eraginen lieke.
Mendelukoak, erne
Mendelukoei oraindik ez die eragiten lurren desjabetzeak. Baina, badaezpada ere, adi daude. Auzoa kartelez estali dute eta hainbat mobilizazio egin dituzte; azkena, igandean. Eta asteazkenean, Camposek auzi eskea egin zuen Donostiako epaitegietan, Zuzendaritza Plan osoa geldi dezaten. Mendelun planaren bigarren faseak eragiten du. Hala ere, lehen fasea gelditzeko kautelazko neurriak hartzeko eskatu diote epaileari.
Lehen fasea gelditzea lortzen badute, bigarrena ez dutela eginen uste dute Mendelukoek. «Lehen fasearena nahiko beltz ikusten dugu», adierazi du Camposek. «Baina bigarren fasea, daukagun sostengua ikusita, ez dut uste egingo dutenik». Duela pare bat aste, Espainiako sustapen ministro Alvarez Cascosek erran zuen jendea eta erakunde guztiak aurka baldin bazeuden ez zutela handituko aireportua.
«Gutuna bidali diogu Alvarez Cascosi, horren argi badu egitasmoa behin betikoz bertan behera zergatik ez duten uzten galdetzeko», aipatu du Camposek. «Kontua da gatazka politikoaren erdian harrapatu gaituztela. Eusko Jaurlaritzatik adierazi didate ez dela gure kasua bakarrik, kontu asko daudela geldirik, ez baitago batere harremanik Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean».
Camposek ez du uste pista handitzea beharrezkoa denik. «Pistaren egungo luzerak OACI araudia betetzen du, Espainiako aireportu guztiek duten araudia». Espainiako aireportuak kudeatzen dituen Aena enpresak Hondarribiko aireportuko bidaiari kopuruen inguruan emandako aurreikuspenei dagokienez, Camposek uste du ez direla «sinesgarriak». «Puztu egin dituzte», dio. «Gainera, iaz, bidaiarien kopurua jaitsi egin zen».
Euskal Herriko erakundeek ere ez dute beharrezkotzat pista handitzea; baina, hala ere, Espainiako Gobernuak ez du bere asmoetan atzera egin.
Inbertsio talde bat atzetik
Camposen hitzetan, Aenaren gibelean inbertsio talde bat dagoelako presio egiten ez dute oraindik atzera egin: «Afodesa izeneko inbertsio taldeak Espainiako 45 aireporturen Zuzendaritza Plana aurkeztu zuen Aenaren bidez, eta Sustapen Ministerioak den-dena onartu zuen, eragin sozio-ekonomikoak eta ingurumen inpaktuak kontuan izan gabe. Izan ere, hor badago milioi askoko inbertsioa. Eta horren onura Afodesako inbertsiogileek hartuko dute, Aenaren bidez».
Handitzearen bigarren fasea: Mendelu
Egitasmoa: Aireratze eta lurreratze pista 196 metro luzatu nahi dute.
Eginez gero desagerraraziko luketena: 232 etxebizitza, hemeretzi komertzio, akademia bat eta industrialde bat.
Kaltetuak: Mendeluko mila bat bizilagunek alde egin beharko lukete etxetik, aireportua handitzeko bigarren fasea eginen balute.
Ingurumeneko eragin txostenik gabeko proiektua
Hondarribiko Amute auzoan desjabetu behar dituzten zenbait lur sail Txingudiko badiako hezeguneen eremu babestuaren barnean daude. Hori dela eta, aireportuaren handitzearen aurkako Mendeluko plataformak hiru kexu prozedura aurkeztu dizkio Europako Batzordeari. Plataformakoen iritziz, nahikoa litzateke pistak Plaiaundiko naturguneko hamar metro hartzea, bertan bizi diren 212 hegazti espezietan eragina izateko. Gainera, Amuteko bizilagunek eta Mendeluko plataformak salatu dutenez, oraindik ez dute egin ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostenik, eta nahi eta nahi ez egin beharreko kontua da.