Inhabilitazioa Estrasburgora eramatea baztertu du Iruinek

Abokatuak ohartarazi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak oso kasu bakanetan hartu dituela kautelazko neurriak.

Iñigo Iruin abokatua. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 26a
18:43
Entzun

Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak asteazkenean ebatzi zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaia "hautaezina" dela; ordea, Otegi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezteko aukera bat zabalik utzi zuen Iñaki Agirreazkuenaga Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeko partaide eta zuzenbide katedradunak, ostegunean BERRIAk argitaratutako elkarrizketan: Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea.

Elkarrizketaren ondotik, Agirreazkuenaga alboratzeko eskatu du EH Bilduk, eta Gara egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean erantzun dio Agirreazkuenagari Iñigo Iruin abokatuak. Baztertu egin du Europako bidea: "Estrasburgori kautelazko neurriak eskatzeko aukera aztertu zen bere garaian, baina bi arrazoirengatik baztertu zen: batetik, Agirreazkuenagak dioenaren kontrara, EH Bilduk uste duelako Arnaldo [Otegi] aukeratua izan daitekeen hautagaia dela, sufragio pasiborako inhabilitazio berezia espetxetik irtetean iraungi baitzen. Kontraesanezkoa litzateke Europari eskatzea inhabilitazioa bertan behera uzteko, eta, aldi berean, inhabilitazio hori ez dagoela indarrean defendatzea".

Beste argudio bat eman du Iruinek: "Gorteak uste du kautelazko neurriak hartu behar direla soilik atzeraezinak diren kalteak egitear daudenean: bizitzarako eskubidea, torturarik ez jasatearena...". Iruinek gogorarazi du oso gutxitan hartu dituela Estrasburgok kautelazko neurriak.

Inhabilitazioaren zigorraz ere jardun du, oroitaraziz inhabilitazioa espetxealdiari erantsitako zigor gisa ezarri ziotela: "Horrek esan nahi du biek iraupen bera dutela, eta, gainera, aldi berean betetzen eta amaitzen direla". Azpimarratu du Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak ere hala azpimarratu izan dutela sarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.