Astelehenean beteko dira sei urte Iñigo Cabacas hil zela, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz. Orduan gertatutakoa gogoratzeko eta urrian egingo den epaiketara begira “justizia” eskatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburu honetarako. Gaztearen gurasoei omenaldia egin diete gaur, hura zauritu zuten lekuan.
#IñigoCabacas-en gurasoak: "Justizia egitea behar dugu, dolua egin ahal izateko. Beste biktima batzuentzat eskatzen duten aitortza eskatzen dugu guk ere. Poliziek herritar bat hil izana zigorgabe geratzea onar al dezake gizarteak?".@berria
— Maite Asensio Lozano (@MAsensioLozano) 7 de abril de 2018
Ostiral arratsaldean, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten; protesta sinboliko gisa, gomazko pilotak jaurti zituzten eraikinaren kontra. Han izan ziren gurasoak ere.
Hil baino lau egun lehenago, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Cabacas, Athleticen futbol partida baten ostean. Taberna bat zegoen kalexka batean sartu eta han zeudenei oldartzeko agindua bete zuten ertzainek. Bost egun geroago hil zen.
Luzea, korapilatsua eta oztopoz beterikoa izan da ikerketa. Baina iazko apirilean, hilketa gertatu eta bost urtera, Ana Torres Bilboko Auzitegiko instrukzio epaileak bide eman zion epaiketa egiteari.
Urriaren 15ean hasiko da ahozko epaiketa. Sei ertzain epaituko dituzte, “zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa” leporatuta. Horietatik hiruk arduraren bat izan zuten polizia operatiboan, eta beste hiruk tiro egin izana aitortu zuten.