'Cabacas auzia'

Iñigo Cabacasen auziaren instrukzioa sei hilabetez luzatu du epaileak

Iñigo Gogoan plataformak elkarretaratzea egin du auzitegien aurrean, fiskaltzaren eta epaitegien "zabarkeria" salatzeko. Fiskaltzak auzia artxibatzearen alde egina zuen; Jone Goirizelaia abokatuak, aldiz, hainbat proba eskatu ditu, besteak beste, ertzainei berriro deklarazioa hartzeko.

Iñigo Gogoan plataformako kideek elkarretaratzea egin dute. GOTZON HERMOSILLA
2016ko ekainaren 6a
07:32
Entzun

Mugarri garrantzitsua zen gaurkoa Cabacas auziarentzat; izan ere, epea luzatu, epaiketa egin edo auzia artxibatu erabaki behar zuen Ana Torres epaileak. Azkenik, epea beste sei hilabetez luzatzea erabaki du. Horren aldekoa zen Cabacas familiaren akusazio partikularra ere, uste baitu oraindik badaudela ikertu beharreko arlo ugari. Jone Goirizelaia abokatuak hainbat proba egiteko eskatu du, eta, auzipetutako ertzainen adierazpenak El Correo egunkariak herenegun argitaratu ostean, ertzain horiei berriro deklarazioa hartzeko ere eskatuko du —adierazpen horietan "gezurretan aritzea" leporatzen zieten ertzainek kideei; hiru ertzain horiek izan dira tiro egin izana aitortu duten bakarrak, baina, diotenez, kontrakoa esan duten beste ertzain batzuek ere tiro egin zuten gau hartan—.

Bestalde, Iñigo Gogoan plataformak elkarretaratzea egin du goizean auzitegien aurrean, epaileak eta, batez ere, Juan Kalparsoro fiskal nagusiak agertutako jarrera salatzeko. Horien "zabarkeria" salatu dute plataformako bozeramaile Oier Amorrortu eta Marta Perezek. "Lau urteok gogorrak izan dira. Baina okerrena izan da fiskaltzak joan den astean agertutako jarrera, esanez ez duela beharrezko ikusten ikertzen jarraitzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.