Iñigo Cabacasen gurasoak buru ehunka lagun bildu dira Bilboko Albia lorategian justizia eske. "Egia eta erreparazioa", hori da Cabacasen gertukoek eskatzen dutena. Bihar hasiko da hilketa argitzea helburu duen epaiketa. Sei ertzain izango dira akusatuen aulkian eserita; haien artean, ordea, ez da egongo Ugarteko ezizeneko ertzainburua, nahiz eta akusazio partikularak hala eskatu.
Sei urte igaro dira gomazko pilota batek gaztea zauritu eta bost egun geroago hil zenetik. Epaiketara heldu izana bera garaipentzat jo du Manu Cabacas aitak: "Hau ez da gure garaipena, zuen da. Zuek gabe ezinezko izango zen honaino iristea".
Hildako gaztearen aitak ardurak eskatu ditu, eta hilketaren erantzule direnek "ordaindu" dezatela. "Benetako justizia nahi dugu. Eta gertatutakoa benetan oker bat izan bazen, aitor dezatela".
Fiskaltzaren jarrera ere salatu du Cabacasek, eta auzia sei urtez luzatu izanaren arduradun jo du: "Ertzainen abokatuen aurka ez ezik, fiskalen aurka ere egin behar izan dugu, haiek ere ertzainen abokatu gisara jokatu dutelako".
Elkarretaratzearen ostean, kanpaldia egitea zen hainbaten asmoa. Baina eguraldi txarra dela eta, bertan behera utzi behar izan dute.