Erreakzioak Euskal Herrian

Iñigo Urkullu lehendakariak eta euskal alderdiek Errusiaren erasoa gaitzetsi dute

EH Bildu, EAJ eta Ezker Anitza-IU alderdiek atzera egiteko eskatu diote Errusiari, eta bide demokratikoak defendatu dituzte.

Soldadu batzu Kieveko tren geltokiaren aurrean. STRINGER/EFE
jone arruabarrena
2022ko otsailaren 24a
12:20
Entzun

Goizaldean Errusiak Ukrainaren kontra martxan jarri duen erasoa gertakari larritzat jo du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta kezka adierazi du ukrainarrengatik. Aurka agertu dira EH Bildu, EAJ eta Ezker Anitza ere. Erasoaren berri izan denetik, erreakzio ugari piztu ditu Errusiaren erabakiak; guztiek eskatu diote Errusiari atzera egiteko. EH Bilduk «gogor» gaitzetsi du Putinen estrategia, eta bide «baketsu eta diplomatikoa» babestu du. Ezker Anitza-IUk, berriz, azpimarratu du Errusia «indar militarra» erabiltzen ari dela «estatu subirano baten aurka». EAJk iritzi dio «legezkotasun internazionalaren urraketa argi bat» dela.

Izan ere, Ukrainako larrialdi zerbitzuen arabera, hamar gunetan egin dute eraso errusiarrek. Errusiako albiste agentzien arabera, Ukrainaren azpiegitura militarrak bonbardatu dituzte, tartean aireportuak eta gerra hegazkinak. Kievek itxi egin du Ukrainako aire eremua, eta aireportua bera ere husten ari direla jakinarazi dute gobernuko iturriek. Reuters agentziak zabaldu duenez, berriz, Errusiako armada Txernihiv, Kharkiv eta Luhansk eskualdeetara sartu da.

Lehendakariak Europako Batasunean jarri du itxaropena, eta adierazi du espero duela erantzun «bateratu eta irmoa» ematea erasoaren aurrean. Errusiaren jarrera erabat gaitzetsi du, eta legezkotasun internazionala gutxiesten duen ekintzatzat jo du.

Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Nazioarteko Harremanetarako Zuzendariak eman du alderdiaren balorazioa, sare sozialetan zabaldu duten bideo batean. Esan du azken asteetako tentsioen igoerak eta erasoak berak ez diola «inori» mesede egiten, eta azaldu du zein izango litzatekeen bide egokia: «horrelako gatazkak konpontzeko esparrua Nazio Batuen Gutuna da». Nazioarteko eragile guztiei dei egin die Elejabarrietak, «gerra saihesteko egin beharreko esfortzu guztiak» egiteko.

Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentariak erasoen «larritasuna» azpimarratu du BERRIAri egindako adierazpenetan, eta beharrezkotzat jo du horiek salatzea: «Gatazkaren lehen momentu honetan oso garrantzitsua da gerraren kontrako mezuak zabaltzea, eta Errusiari eskatzea tropa militarrak Ukrainatik ateratzeko».

Era berean, NATO eta AEB Ameriketako Estatu Batuei eskatu die eraso hau ez erabiltzeko Errusiaren aurka neurri «gogorragoak» ezartzeko aitzakia gisa: «NATOk bere asmo espantsionistak gelditu behar ditu. Nazioarteko zuzenbide justu bat jarri behar dugu martxan, ez orain arte NATOk eta AEBek ezarri dutena bezalakoa». Barrena Ukrainako herritarrengatik bereziki kezkatuta agertu da: «Egoera honek krisi humanitario latza ekar dezake, eta Europako Batasuna prestatuta egon beharko litzateke horretarako».

Ezker Anitza IUk, berriz, bere gaitzespena adierazi du ohar baten bidez, baina indarkeriaren aldebikotasuna azpimarratu du: «Errusiako indar militarra estatu subirano baten aurka erabiltzeari uko egiten diogu, aldez aurretik NATOko indarrak Errusiarekin muga egiten duten herrialdeetan hedatzeari uko egiten diogun bezala». Alderdiak dei egin die eragile guztiei bide militarretik «alde» egiteko eta «nazioarteko zuzenbidea eta diplomazia» defendatzeko. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskatu dio gatazka «zuzenean edo zeharka» ez elikatzeko. Konponbide gisa, galdegin du Ukrainak, Errusiak, eta Donetsk eta Luhanskeko ordezkariek 2014an sinatutako Minskeko Akordioetara itzultzea.

«Bakearen aurkako eraso bat»

EAJko Izaskun Bilbao eurodiputatuak ere atzo eman zuen alderdiak gatazkaren inguruan zeukan iritzia. Adierazi zuenez, Errusiaren erasoak «estatu subirano baten lurralde osotasuna bortxatzea» dakar, eta Europako Batasunari «batasuna» eta «irmotasuna» eskatu zizkion: «Bakearen eta gure mugen egonkortasunaren aurkako eraso bat da». Azaldu du hobea dela «bake tirabiratsu bat, gatazka ireki bat eta gerra bat» baino. Vladimir Putin Errusiako presidenteari buruz gehitu du «itzuliko ez den iragan bat» nahi duela: «pertsonen erabaki demokratikoek ez dute bat egiten bloke politika edo erregimen totalitarioekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.