Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak

Iniziatiba Internazionalistak hauteskundeen aurkako inpugnazio orokorra sartu du

Ekainaren 7ko bozetan "iruzurra" egon zela-eta Espainiako Auzitegi Gorenean sartu du helegitea, eta prest dago Europako auzitegira ere jotzeko.

2009ko ekainaren 17a
19:24
Entzun
Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna (II-HE) Europako Legebiltzarrerako hautagaitzak bere webean jakinarazi du Europako bozen aurkako inpugnazio orokorra sartu duela, "iruzurra egon zelako eta oinarrizko berme demokratikorik gabe egin zirelako bozak".

Espainiako Auzitegi Gorenean sartu du helegitea, eta prest dago Europako auzitegira ere jotzeko.

Orain arte Espainiako Estatuko lurralde batzuetan sartu ditu helegiteak, baina atzera bota dizkiote. Horregatik erabaki du Iniziatiba Internazionalistak orain inpugnazio orokorra sartzea.

Boto kontaketaren eta hauteskunde prozesuaren aurka egin du. Haren arabera, batetik, bere kodea manipulatu egin zuten eta, bestetik, baliogabe jotako milaka boto ez dituzte kontatu. Europako 2004ko hauteskundeetatik boto baliogabeek 57.000ko eta txurizkoek 125.000ko hazkunde "susmagarria" izan dutela dio hautagaitzak.

Iniziatiba Internazionalistak ez du europarlamentariorik lortu; "iruzurragatik", bere ustez. Denera 177.000 boto jaso zituen ekainaren 7an: 140.000 boto Hego Euskal Herrian eta besteak Espainiako Estatuan.

Horretaz gain, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren aurkako kereila jarriko du II-HEk. "Izan ere, kanpaina osoan gure hautagaitzaren aurkako kriminalizazioa burutu zuen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.