Ertzaintzak atzo Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna Europako Legebiltzarrerako bozetako hautagaitzako bi lagun apoderatu identifikatu zituen Azpeitian (Gipuzkoa), Euskal Herria auzoko hauteskunde-gune batean, Non da Jon? pegatinak zituztelako.
Iniziatiba Internazionalistak uztarria.com-i jakinarazi zionez, Manoli Uranga PSE-EEko kideak eman zien abisua ertzainei, eta horiek ondoren joan ziren identifikazio lanak egitera. Hautagaitzako bi apoderatuek pegatinarekin segitu ahal izan zuten.
Apirilaren 18az geroztik ez dago Jon Anza (Donostia, 47 urte) preso ohi eta euskal militantearen berririk, desagertuta dago. Ahetzeko (Lapurdi) bizilaguna egun hartan Baionako geltokian Okzitaniako Tolosara joateko trena hartzekoa zen. Geroztik, senideek ez dute haren albisterik.
ETAk duela aste batzuk ohar baten bidez jakinarazi zuen bere kide batzuekin hitzordua zeukala hark Tolosan, eta ez zela azaldu.
Anza 21 urtean preso egon zen Espainiako kartzelatan, ETAko kidea izateagatik, eta duela sei urte utzi zuten aske. Datorren larunbatean kasua salatzeko manifestazio nazionala egingo dute, Donostian.
Azpeitiko atzoko gertaera gaitzetsi egin zuen Iniziatiba Internazionalistak. Ertzaintzak, Espainiako eta Frantziako poliziekin batera, euskal militante haren desagerpena ikertu beharrean, hori salatzen eta argitzeko eskatzen dutenak jazartzen dituela zioten hautagaitzako kideek. Desagerpena "gerra zikintzat" jo dute.
Iniziatiba Internazionalistak irregulartasunak salatu ditu
Iniziatiba Internazionalistak Espainiako Estatuko hainbat lekutan irregulartasunak izan direla gaitzetsi du, bere boto paper asko falta izan direla-eta. Madrilen, Caceresen, Alacanten, Bartzelonan, Leonen... falta ziren hauteskunde-guneetan hautagaitza legezko haren boto paperak, berak salatu duenez.
Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak.
Iniziatiba Internazionalistako bi apoderatu identifikatu ditu Ertzaintzak Azpeitian, Jon Anzaren pegatinak zituztelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu