Azaroaren 25ean "(in)justizia sistemaren" izaera patriarkala jarriko du jomugan Bilgune Feministak. Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunari begira plazaratutako oharrean, «genero arauak erreproduzitzea» egotzi dio justizia patriarkalari: "Gizonen bulkada sexuala eta bortizkeria naturalizatzen ditu, eta emakumeok bihurtzen gaitu pairatzen ditugun eraso sexisten erantzule".
Azken hilketa matxistei erreparatuta, gogoratu du salaketa jartzeak ez duela bermatzen andreak babestea: "Ez gaude prozesu judizialaren erdigunean". Halere, erantsi du zigorrak gogortzea ere ez dela balekoa: "Muineko konponbideak eman beharrean, kartzelaldiak gogortzea eskaintzen du sistema judizial zigortzaileak. Patriarkatuaren tresnak dira gaztiguak eta presondegiak; horiek indartuta, sistema zapaltzailea sendotzen da. (In)justizia eredu honek gizon erasotzaileak sortzen ditu, eta, indarkeria egiturazkoa ez bailitzan, gaixo mental edo basapiztia moduan zigortzen ditu".
Justizia patriarkalari aurre egiteko, "erauntsi feminista" eragitera deitu du Bilgune Feministak, eta auzi baten inguruan hausnartzera: "Nolako justizia nahi dugu?". Justizia ereduak erasoa jasandako emakumeengan arreta jartzea nahi luke talde feministak: "Bere beharrak, askatasuna eta erritmoak aintzat hartzea". Eta zigorraren paradigma haustea: "Min sortzailearen ardura eta birgizarteratzea bilatzeaz gain, ez errepikatzea bermatuko du justizia eredu horrek".