Ikusita Okzitaniako Tolosako Auzitegiko instrukzio epaileak Jon Anza zenari buruz Tolosako prokuradorea ez duela galdekatuko eta biktimaren familiari ez diola helaraziko mediku txostena, haren desagerpenari eta heriotzari buruzko gauzak argitu nahian Jon Anza kolektiboak inkesta parlamentarioa zabaltzeko eskatu du gaur, Baionan emandako prentsaurreko batean.
Izan ere, kolektiboaren ustez, Tolosako Auzitegiaren asmoa Anzak heriotza naturala izan zuela azaltzea da, eta plataformak hori saihestu nahi du. Esaterako, Anza desagertuta egon zen 11 egunetan zer gertatu zen jakin beharra dagoela adierazi du —2009ko apirilaren 18tik 29ra egon zen desagertuta euskal militantea; ETArekin zeukan hitzordu batera abiatu zen Baionatik—, eta Tolosako erietxean 2009ko apirilaren 30etik maiatzaren 11ra arte nolako tratamendua izan zuen ere jakin behar dela ere esan du —maiatzaren 11n zendu zen Anza—.
2010eko martxoaren 15ean autopsia egin zioten gorpuari, familiaren konfiantzazko sendagilea bertan izan gabe. Ondoren ere ez zuten onartu familiaren konfiantzazko sendagileak beste autopsia bat egitea.
"Galderak airean" daudela dio kolektiboak, eta Tolosako Auzitegiak horiek argitzeko borondaterik ez duelakoan proposatu du inkesta parlamentarioa irekitzea.
Anzaren familiak, Askatasunak, ezker abertzaleak eta Frantziako giza eskubideen aldeko hainbat erakundek gerra zikinaren susmoa salatu izan dute orain artean.
Anzaren sendiarekin eta abokatuekin batera egin du prentsa agerraldia gaur kolektiboak.