Inkesta soziolinguistikoek eremuen hizkuntza banaketa gezurtatzen dute

Ikerlari baten azterlanak frogatu du Nafarroa ia osoan euskara berreskuratzen ari dela

Alberto Barandiaran.
2007ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Euskararen egoera Nafarroako gizarteak berak uste duen baino hobea da gaur egun, haur eta gazteen eskolatze kopuruek erakusten dutelako adin horietakoen euskalduntzeak aise gainditzen duela aurreko belaunaldiena. Eta, ia inguru guztietan, datuak hobetu egingo direlako datozen urteetan. Hori ondorioztatu du Miquel Gros i Llados ikerlariak, La recuperación del euskara en Navarra (Euskararen berreskuratzea Nafarroan)izeneko azterlanaren bidez.1986tik 2001era bitarteko ikerketa soziolinguistikoetako datuak alderatu ditu, hau da, gaur egun arte egin diren guztiak, eta eskualdez eskualde, gainera.

Ondorioen artean, egileak azpimarratu du euskaldunen kopurua bi puntu igo dela aipatu 15 urte horietan, %10etik %12ra, eta 15 urtetik beherakoen artean euskaldunen ehunekoa %21,3koa dela. Eta zenbakiak txikiak izan arren oso garrantzitsuak direla, bost mendeko joera hautsi egin dela frogatzen dutelako. Ondorio nagusia: Euskararen Legeak ezarri zuen eremuen araberako banaketa ez datorrela bat gaur egungo egoera soziolinguistikoarekin.

Lanak Euskaltzaindiaren babesa du, eta akademiaren Jagon sailaren barruan argitaratu da. Bihar aurkeztuko dute ofizialki, Vianako Kultur Etxean. Egileak Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Jagon sailburua eta Nafarroako ordezkaria izango du ondoan.

Liburuan Nafarroako herri guztien datuak begira daitezke, inkesta bakoitzaren ondorengo bilakaerarekin, eta eskualde bakoitzaren iragana, oraingoa eta etorkizuna zirriborratzen duen analisia dago. Analisi horren ondorioak bost ardatzetan laburbil daitezke:



Euskararen ezagueraren igoera

Ikerketak frogatu du euskararen gutxieneko ezaguera dutenen kopurua igo egin dela eskualde ia guztietan, eta jaitsierak oso-oso txikiak izan direla. Bi kasu aipagarriak, nolanahi ere: Agoitz ingurukoa eta Iruñerriko hegoaldea. Agoizkoak «behin-behinekoa» irudi duela dio Gros i Lladosek. Iruñerrikoa, ordea, lotuta omen dago haurrak euskaraz matrikulatzeko dauden zailtasunekin. Ikerlariak %10eko muga jarri du datuak «kontuan hartzekoak» jotzeko. 1986an, Nafarroako 16 eskualdetan gainditzen zuten muga hori, euskararen gutxieneko ezagutza dutenak kontuan hartuz. 2001ean, berriz, bikoiztu egin zen eskualdeen kopuru hori.



Euskaltasuna, oinarria

Inkesta soziolinguistikoaren emaitzek frogatzen dute euskaltasunaren garrantzia eta pisua hizkuntzaren berreskurapenerako. 1986an euskara bizirik zegoen eskualdeetan haur ia denak euskaraz eskolatuta daude. XX. mendean euskara galdu zuten inguruetan ere gehienak ziren 2001ean euskarazko irakaskuntza hautatu zutenak. Eta XIX. mendean galdu zen tokietan, haurren erdiek-edo ikasten dute euskaraz. «Ia beti» dio egileak, «euskaltasun hori erabakigarri azaltzen da biztanleen jarrera soziolinguistikoa ulertzeko».

Euskaldunen kopuruen igoera neurritsua

Euskaldunen kopurua igo egin da inkestek zedarritzen duten 15 urte horietan, baina igoera euskara ezagutzen dutenena baino txikiagoa izan da. Gros i Lladoren ustez, azalpena da euskararen familia arteko transmisioan etena egina zegoela, eta azken hamabost urteetan hil diren belaunaldiak euskaldunak zirela. Tarteko belaunaldiak, berriz, oso erdaldunak. Bereziki azpimarragarriak dira Burundako datuak, Agoitz ingurukoak, Erronkarikoak, Ameskoak eta Etxauribarrekoak, inguru horietan hamar puntu inguru igo delako euskaldunen kopurua.

Eskualdeburuak, motorrak

Euskararen galeraren datuen arabera berretsi daiteke goi mailakoak izan direla, beti, hizkuntza galtzen lehenak, eta horiek eskualdeburuetan bizi zirela. Hiri eta herri handietan lehenago eta azkarrago izan dela, alegia, galtze prozesua. Horren adibide garbiak dira Elizondo, Bera, Lekunberri edo Doneztebe. Ikerlari kataluniarraren lanak frogatzen du orain berreskuratzen ari den tokietan batez ere eskualdeburuetan nabari dela. Etxauri, Izaba, Gares, Tafalla eta Zangozan, esaterako. Berreskurapena nabari ez den inguruetan, aldiz, hiri garrantzitsuenek ez dute motor lana egiten. «Horrek frogatzen du Ibon Sarasolak aspaldian defenditu zituen tesien balioa: hirietan berreskuratu behar dela euskara».



Euskararen presentzia

Arlo subjektiboa izanda ere, ikerlariak euskararen presentziarenerrealitatea aztertu nahi izan du ikerketan, eta euskararen gutxieneko ezaguera duten guztien kopuruak batu ditu. Presentzia hori zenbatzeko, gero batez bestekoak atera ditu. Haien bidez, Euskararen Legearen mugak aztertu nahi izan ditu, presentziaren pertzepzio hura eremuak ixteko erabakigarria izan zela frogatzeko.

Zenbakiek diote presentzia hori %10etik gora zen tokiak eremu euskaldunean sartu zirela, eta %5etik gorakoak, berriz, eremu mistoan geratu zirela. 2001eko inkestaren datuak begiratuta, ondorioa da eremu euskalduna hegoalderantz mugitu beharko litzatekeela, eta Ameskoak, Lizarra, Etxauri, Erronkari eta Irunberri, esaterako, euskararen ofizialtasuna ezarri beharko litzatekeela. Egun eremu erdalduna deitzen den inguruetako eskualde asko, Erribera kenduta ia denak, eremu mistorako erabili ziren irizpideen barruan sartuko lirateke gaur egun.

«Ez dago dudarik», dio Miquel Gros I Lladosek, bere liburuaren ondorioetan, «Nafarroan gora doala euskararen ezagutza dutenen kopurua, eta hizkuntzaren ofizialtasuna zabaldu beharko liratekeela berreuskalduntzen ari diren inguruetara».



miquel gros i llados 'La recuperación del euskara en Navarra' liburuaren egilea

«Oraingo erritmoarekin,25 urte barru, nafarren %35-40 euskaldunak izango dira»

a.b.

Iruñea

Abokatua lanbidez, soziolinguistika «lanbidetik kanpoko zaletasuna» da Miquel Gros i Lladosentzat. Hamar urte bizi izan zen Iruñean, eta han ohartu zen, dioenez, hizkuntza gutxitua zer den. «Nik alderatu egiten nuen zer hizkuntza hitz egiten zuten supermerkatuan, kalean edo eskolan, eta beti bitxia iruditu zitzaidan abizen euskaldunak zituzten askok zer gorroto zioten euskarari». Horrek bultzatu zuen, besteak beste, Nafarroako egoeraren gaineko azterketa egitera.

Lan honetarako, inkesta soziolinguistikoei erreparatu diezu. Baina batzuek balioa kentzen diete horrelako lanei.

Nik garbi daukat biztanleen errolda baino gauza fidagarriagorik ez dagoela. Inkestak oso moldagarriak dira, baina erroldak ez. Euskararen bilakaera Nafarroan, gainera, oso moderatua da, ez dago jauzi nabarmenik. Salbuespen bakarra dago: 1986ko errolda. Orduan eztabaidatzen ari zen Euskararen Legea, eta badirudi Lizarrerrian eta Iruñerrian euskararen datuek gorantz jo zutela. 1992an hori zuzendu egin zen.

1986tik 2001era hamabost urte dira. Nahikoa da hizkuntza baten eboluzioa aztertzeko?

Nik uste dut baietz, belaunaldi erdia delako. Oso urte trinkoak dira, gainera. Frankismoko hamabost urtean gauza gutxi gertatuko zen alor honetan, baina nik aztertu ditudan urte horietan jende asko euskararen garrantziaz ohartu zen. Nafarroako kultur ondarerik zaharrena zela, eta haiena ere bazela. Eta bere egin zuten, edo beren seme-alabak murgildu zituzten. Eta hori oso garrantzitsua da. Gaur egun, akaso, ezin diogu eskatu 30 urtetik gorako jendeari euskara bere egin dezan, pasiboki ez bada. Baina haurren eskolatze kopuruek erakusten dute jende askok, haien seme-alaben bidez, euskararen mundura sartu nahi izan duela. Hamabost urte, beraz, nahikoa da. Eta 2011ko hurrengo erroldaren bidez, seguru asko, igoeraren benetako neurria jakingo dugu.

Igoera izango den uste hori zerbaitetan oinarritutako baieztapena da, ala desioa?

Ez, ez, datuek horixe erakusten dute. Hamabost urteotan, euskaldunen kopurua %10etik %12ra igo da. Kanpotik begiratuta, gutxiegi ematen du, baina horrek esan nahi du bost mendeko joerarekin hautsi egin dela. Gazteen artean, gainera, %20koa da kopurua, eta lehen hezkuntzan daudenen artean, %25ekoa. Ezerk ez du erakusten eboluzio hori geratu egingo dela. Are gehiago, uste dut gero eta jende gehiagok ikasiko duela euskaraz, ohartuko delako Nafarroako kultur ondare oinarrizkoa delako. Baina bakar-bakarrik oraingo erritmoari eutsita, 25 urte barru nafarren %35-40 euskaldunak izango dira.

Zure ikerketa zonaka egin duzu. Zein dira bereziki azpimarratuko zenituzkeen eskualdeak, arrazoi bat edo beste dela?

Aranatz aldea, hau da Etxarri-Aranatz, Arbizu, Ergoiena... oso bitxia da. Ez da erraz ulertzen nola eutsi dion Burundatik eta Arakil tik datorkion erdaltzaletasunari. Hizkuntza fideltasun adibide berezia da. Euskararen kasuan bakarra dela esango nuke. Atzera egin beharko genuke XII-XIII. mendeetara, Ezkarain (Errioxa), euskaraz egiten zutenengana. Beste berezitasun bat, ofizialtasunaren garrantzia azpimarratzen duena: eremu euskaldunean dauden inguru guztietan, gaur egun, haur gehienak euskaldunak dira. Salbuespen bakarra Irurtzun da. Horrek esan nahi du inguru bateko hizkuntzak legezko tratua jasotzen baldin badu, hizkuntza hori zabaldu egiten dela azkenean. Beste bi azpieskualde aipatzeagatik: Etxauri eta Mañeru. Berreskuratze ikusgarria izan da inguru horietakoa: 5-15 urte bitarteko haurren artean, erdiek baino gehiagok euskaraz egiten dute. Itzaga eta Iruñerriko hegoaldean, aldiz, Erriberako kopuruetan daude. Uste dut interesgarria litzatekeela inguru horietan azterketak egitea, jakiteko zehazki zergatik toki batzuetan euskarari atxikitzen dioten, eta beste toki batzuetan ez. Eta ikerketa horiek, noski, hizkuntza politikako arduradunek egin beharko lukete, jakiteko gizarteak zer eskatzen duen.

Hiriburuen garrantzia azpimarratu duzu. Iruñea, alde horretatik, borrokagune nagusia da, ezta?

Europan, hizkuntzak galdu egin direnean, gizartearen goi mailakoak izan dira, beti, galtzen lehenak. Kanpoko hizkuntza iritsi denean, botere eta prestigioarekin lotuta etorri da, eta goi mailakoek, horregatik, izan dira heltzen lehenak. Baina uste dut jendeak ez dakiela Nafarroan, gaur egun, batez ere biztanle gehien daukaten hirietan berreskuratzen ari dela euskara. Herri txikiak oso kontserbatzaileak dira hizkuntzari dagokionez. Galtzeko zein berreskuratzeko. Ibon Sarasolak aurreratu zuen hizkuntza gutxitu bat ez dela ez nekazari, ez arrantzaleekin salbatuko, unibertsitatean, alfabetizazioarekin baizik. Horregatik, hizkuntza politika eraginkor batek eskualdeburuetan bultzatu beharko luke berreskurapena. Izan ere, denok, azkenean, hiriburuan gertatzen dena imitatu egiten dugu. Horregatik, Iruñea izango da aintzat hartu beharreko gune nagusia. Datuak oso onak dira hor, baina arazoa da oso handia dela, eta, horregatik, oso zaila da euskara ikustea.

Zure mezua baikorra da, oro har. Baina Euskararen Legearen eremuen banaketa hor dago.

Garbi dago ez dela hizkuntza berreskuratzeko abiapuntu egokia. Garbi dago euskara aurrera egiten ari dela jendearen jarreragatik. Ez dela ia ezer egiten ari erakundeen aldetik. Eta uste dut Nafarroakoa dela hizkuntza gutxitu baten berreskuratze kasurik onena, erakundeen babes espliziturik gabe. Horrek erakusten du zer-nolako aurrerapenak egin litezkeen hizkuntza politika egoki baten bidez. Ez dut esaten aldeko jarrerarekin, bakar-bakarrik zuzenbidezko jarrera baten bidez.





aDIBIDeaK esKUaLDeKa

Aranatz aldea, salbuespena

Hizkuntzaren galtze prozesuetan mailaketak egon arren, atzerapena progresiboa izaten da beti: hegoaldetik iparraldera, eta ekialdetik mendebaldera. Aranatz aldea, Sakana erdialdea, isla bat da, datuek erakusten dutelako eutsi egin diola inguruko erdalduntzeari. Egilearen arabera, 1986an hizkuntzaren ordezkatze hasi berria zen bertan, baina eskolatze datuek erakusten dute joerari buelta eman diotela.



Ultzama, ordezkapen betean

Ingurua euskaldun elebakarra zen XX. mendea arte, eta orduan hasi zen ordezkatze prozesua. Prozesu hori oso bizkorra izan zen 1950etik aurrera, eta, horregatik, egungo haurren arteko euskalduntzeak ez du, oraindik, galera hori ordezkatzea lortu. Egilearen ustez, belaunaldi batekin buelta eman dakioke egoerari, baina erabilera da, Gros i Lladosek azpimarratu duenez, euskararen iraupenerako bide bakarra.





Etxauri, bakarra Iruñerrian

Bailara honetan euskaldunen kopurua hirukoiztu egin da Gros i Lladosek aztertu duen garaian, eta, horregatik, egileak berezitasun hori azpimarratu du bere ikerketan. «Bitxia da, Iruñerria osoan biztanle gutxien duen ingurua izan arren, euskalduntze prozesuan aitzindaria delako. Etorkizuna gertuago du Pirinioetako hainbat ibarretatik, Iruñerriko beste inguruetatik baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.