Bake egoeran Euskal Herriko gehiengoaren borondatea herritar guztiek errespetatu beharko dutela uste dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herritarren %88k. Hala jakinarazi duEusko Jaurlaritzak ETAren su-etenaren ondoren herritarrek zein iritzi duten jakiteko agindutako inkesta batean. Inkestaren arabera, EAJren, EHAKren, EAren, EB-Berdeen eta Aralarren jarraitzaileek ia aho batezonartzen dute planteamendu hori, baina PSE-EE eta PPren ingurukoek ez dute horren garbi erantzuna: %82 eta %78 dira, hurrenez hurren, gehiengoaren iritzia errespetatzea nahi dutenak.
Bestalde, bake prozesuan gai guztiez hitz egin behar dela iruditzen zaie herritarren %87ri, eta ez dute negoziazioetan aurrez ipinitako mugarik egoterik nahi. Gipuzkoan baieztapen horrekiko adostasuna gainontzeko herrialdeetan baino zabalagoa da: %90koa. Bizkaian %86 dira baieztapen horrekin bat egiten dutenak, eta Araban, berriz, %82. Kasu honetan ere, alde handiak daude alderdien jarraitzaileen iritzien artean. Alderdi abertzaleen jarraitzaileen hamarretik bederatzik gai guztien inguruan hitz egin behar dela diote, baina abertzaleak ez direnen iritziak bananduagoak daude: EB-Berdeetako jarraitzaileen %84k onartzen dute gai guztiez hitz egitea, PPko %81ek eta PSE-EEko %79k.
Horrez gain, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako biztanleen %85ek bake prozesuan alderdi guztiek parte hartu behar dutela uste dute. Alderdi guztietako jarraitzaile gehienak iritzi berekoak diren arren, badira zenbait ezberdintasun. EB-Berdeekin eta EHAKrekin bat egiten dutenekdute horren aldeko jarrera indartsuena: hurrenez hurren, %95 eta %94. Ezadostasun gehiena, ordea, PPren eta Aralarren aldekoek erakutsi dute: %81 eta %83. Dena den, eta alderdi guztiek parte hartu arren, beren arteko gatazkek konponbidea oztopatzen dutela uste dute gehienek.
Bestalde, presoak Euskal Herriratzea nahi dute ia lautik hiruk, eta %10 dira neurri hori hartzea nahi ez dutenak. PPko jarraitzaileen gehiengoak dira presoak orain arte bezala jarraitzea nahi duten bakarrak, gainontzeko alderdi guztien jarraitzaileen gehiengoak presoak Euskal Herriratzea nahi dute. Aralarren jarraitzaileen %100ek nahi dute neurri hori hartzea, EHAK-koen %98k, EAJkoen %85ek, PSE-EEkoen ia hirutik bik. Lurraldeka aztertuz gero ere, iritzi ezberdinak nabarmentzen dira: Arabarren %64 dira presoak Euskal Herrira hurbiltzea nahi dituztenak, bizkaitarren %71, eta gipuzkoarren %80.Dena den, ETAren su-eten iraunkorra konponbidearen lehen urratsa dela uste dute hiru laurdenek. Herritarren %11k, berriz, egoerak orain arte bezala jarraitzen duela uste dute, eta %6k, normalizazio prozesu horretan gatazka behin betiko gaindituko dela. Hala, hamar herritarretik bederatzik datozen urteetan Euskal Herrian behin betiko bakea lortuko dela uste dute.
ETAk bakerako borondatea duela uste dute hirutik bik
ETAk bakerako borondatea duela uste dute Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herritarren ia bi herenek; eta kopuru hori ETAren aurreko su-etenean izandakoa baino %7 handiagoa da. Hala ere, herritarren %12k ez dute uste ETAk bakerako borondaterik duenik.
Borondate hori badagoela uste dute alderdi guztien jarraitzaileen gehiengoek, PPrenak izan ezik. PPren jarraitzaileen artean, %48 dira ETAk bakerako borondaterik ez duela uste dutenak, eta baduela, berriz, %29k uste dute.Lurraldeka aztertuz gero ere, herritarren iritzi ezberdinak atzeman daitezke: Gipuzkoan %71 dira ETAk bakea lortu nahi duela iruditzen zaienak, Bizkaian %62 eta Araban, berriz, %57. Horrez gain, gizonezkoak emakumezkoak baino baikorragoak dira.
Inkestatuen %88k gehiengoaren erabakia errespetatzea nahi dute
ETAren su-etenaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak inkesta bat egin du, herritarren iritzia jakiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu