Espainiako Poliziak ezker abertzaleko 14 ordezkari gehiago atxilotu zituen atzo goizaldean Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Atxilotuak «Batasunaren buruzagi klandestinoak» direla esanda argudiatu du polizia operazioa Espainiako Barne Ministerioak. Argudio hori oinarri hartuta, legez kanpoko elkarteko kide izatea eta ETAkoa izan edo hari laguntza ematea egotzi die Garzonek, ezker abertzalearen izenean ageriko lan politikoa egin duten ordezkariei. Barne Ministerioak azaldu duenez, EHAK eta EAE-ANV «erabili» egin dituzte atxilotuek. Alderdi horiek «delituak egitera» bideratu izana egotzi die; lan horretan «dinamizatzaile» izatea. Garzonen ustez, urrian Seguran egindako sarekadaren bidez Batasuneko Mahai Nazionala berriz abian jartzeko saioa galarazi egin zuen epaileak, eta orain atxilotutakoak ahalegin berean ari ziren berriro.
Igande gauerdian hasi, eta atzo goizaldean amaitu zen polizia operazioa, 14 lagun atxilotuta eta hogei bat etxebizitza eta egoitza miatuta. Espainiako 400 bat poliziek parte hartu zuten sarekadan, eta gidari lanetan aritu den Garzon epaileak Donostiatik zuzendu zituen atxiloketak eta miaketak. EHAK eta EAE-ANVren aurkako auzietan fiskal gisa ari diren Dolores Delgado eta Vicente Gonzalez ere Donostian izan ziren Garzonekin batera, bai eta Auzitegi Nazionaleko hamar funtzionario eta auzi mediku bat ere.
EAE-ANV-REN BI EGOITZA ITXI DITUZTE. Miaketa ugari egin zituzten atzoko operazioan. Atxilotuen etxebizitzak miatzeaz gain, EHAKren eta EAE-ANVren egoitzak ere arakatu zituzten poliziek. Berri agentziek jakitera eman dutenez, lau ordu baino gehiagoz aritu ziren bi alderdi horien egoitzak miatzen. Donostiako Belartza auzoan eta Oiartzunen arakatu zituzten EHAKren egoitzak. Barakaldon eta Iruñean, EAE-ANVrenak. Miaketa horietatik poliziek «dokumentazioa eta informatikako materiala» eraman dutela jakinarazi dute berri agentziek. Alderdien egoitzetako txostenak aztertzeko hartu dituztela. EAE-ANVk Barakaldon eta Iruñean dituen egoitzak, gainera, itxi eta prezintatu egin zituzten poliziek.
«Errepresio judizial, politiko eta polizialaren aurka» ostegunerako greba egunera deitzeko Karmele Aierberekin batera larunbatean prentsaurrekoa egin zuten Karmelo Landa eta Mikel Etxaburu mahaikideak Bilboko Zazpikaleetan atxilotu zituzten, bakoitza bere etxean. Landaren bila gauerdian joan ziren poliziak, eta ordubete beranduago Etxabururen etxera. Lekukoek jakinarazi dutenez, goizaldeko bostak aldera arte iraun zuten miaketek. Jesus Mari Agirre ere Bizkaian atxilotu zuten, eta, Karmele Aierbe, Ataunen.
Donostian detenitu zituzten Josetxo Ibazeta eta Iñigo Balda, Gipuzkoako hiriburuko zinegotzi ohiak. Eusebio Lasa mahaikidea eta Sonia Jacinto EHAKko kidea, Oreretan atzeman zituzten.
EHAKren prentsa arduradun lanetan aritzen den Peio Galvez, berriz, Urretxun atxilotu zuten. Hori ere, etxean. Aurrez, Espainiako Poliziek Galvezen anaia geldiarazita izan zuten Zumarragan, amaren etxe inguruan, detenitua non bizi zen esan ziezaien.
Elgoibarren atxilotu zuten iraganean Batasunarekin komunikazio lanetan jardun duen Joseba Zinkunegi. Aitor Aranzabal, Bergaran. Mikel Garaiondo gipuzkoarra den arren Nafarroan atxilotu zuten, Leitzan.
Espainian atxilotu zuten Nuria Alzugarai, Andaluzian. Cordobara joana zen preso bat bisitatzera, eta han atxilotu zuten poliziek.
Hedabideek auzitegiko iturriak aipatuta zabaldu dutenaren arabera, atzo bertan eraman zituzten Madrilera atxilotu guztiak. Inkomunikatu egin dituzte, eta asteazkenean espero da Auzitegi Nazionalera eramatea, Garzon epailearen aurrean deklara dezaten.
PROTESTAK. Atxiloketak salatzeko mobilizazio ugari egin ziren atzo bertan Euskal Herriko herri eta auzo askotan. Bergaran, Aranzabalen herrian, esaterako, batzarra egin zuten 300 bat lagunek eta atxiloketak eta legez kanporatzeak salatu zituzten. Ondoren, 19:00etan, osoko bilkura deitua zegoen Udalean, besteak beste, iragan astean epaitegian lehertutako bonbari buruz eta EAE-ANVren jardueren eteteari buruz aritzeko. Bertaratutakoek, atxiloketen aurkako oihuak egin zituzten. Plenoa amaituta, manifestazioa egin zuten herrian eta amaieran liskarrak egon ziren ertzainekin.
Zumarraga eta Urretxun 250 pertsonek egin zuten manifestazioa. Galvez bertakoa da eta Zumarragako Udaleko osoko bilkuran gaia aztertu zuten. Testu bat irakurri zuten atxiloketak salatuz. Ertzainak egon ziren han, eta tentsio uneak izan ziren.Bilbon bizi den arren, Ondarroakoa da, berez, Etxaburu. 350 pertsonek egin zuten manifestazioa. Lasa, Oreretan bizi da baina Beasaingoa da. 150 herkide manifestatu ziren han.
Batasunaren aurkako operazioa
Inkomunikatuta jarraitzen dute atzo Garzonen aginduz atxilotutako ezker abertzaleko 14 kideek
Auzitegiko iturrien arabera, bihar eramango dituzte epailearengana. Batasunaren «buruzagi klandestinoak» direla esan, eta ETAko kide izan edo hari laguntza ematea egotzi die Garzonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu