Inkomunikazio aldian torturatu egin dituztela salatu dute gazte guztiek

Jo, buruan poltsa jarri eta mehatxatu egin dituztela salatu dute gazteek, eta fiskalak tortura salaketa bat ikertzeko agindu du

edurne begiristain
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gazte mugimenduan aritzeagatik Espainiako Poliziak joan den ostiralean atxilotu eta Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidalitako hamalau gazteek torturak salatu dituzte, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Espainiako Poliziaren eskuinkomunikatuta egon diren bost egunetan tratu txar fisikoak eta psikologikoak pairatu dituztela jakinarazi dute. Astelehenean Grande-Marlaskaren aurretik pasatu ziren lau gazteek torturatu egin zituztela salatu zuten,bai eta herenegun espetxeratu zituen beste hamarrek ere.

AAMk jakinarazi duenez, gazte batzuei poltsa egin diete «arnasarik gabe utzi arte», kolpeak eman dizkiete eta «presio psikologiko eta mehatxu etengabeak» jasan dituzte. Igoi Irisarri Nafarroan atzemandako gazteak pairatutako tratuaren berri eman du AAMk. Pixan infekzioa zuen atxilotu aurretik, eta poliziek, horren jakitun izanda, barrabiletan kolpe ugari eman zizkioten gazteari, AAMren arabera. Ondorioz, erietxera eraman behar izan zuten, larrialdi zerbitzuetara. Irisarrik auzi medikuari eta epaileari eman zien poliziaren esku jasotako tratuaren berri. Gaztea entzun ostean, haren tortura salaketa ikertzeko agindu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.

Imanol Beristain gazte bizkaitarrak egindako salaketaren berri ere eman du AAMk. Jakinarazi duenez, Beristainek, inkomunikazio aldian hartutako kolpe ugariren ondorioz, «ubeldura handia» du saihets baten inguruan. Gainerako gazteen torturen salaketen inguruko xehetasunak datozen egunetan emango ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatu izana egotzita hamabost Guardia Zibil epaitzen ari diren astean Espainiako Poliziak beste behin ere tortura erabili duela salatu du AAMk, ohar batean. Haren arabera, Espainiako Gobernuak tortura horien bidez helarazi nahi du prest dagoela «errepresioarekin» jarraitzeko EuskalHerrian hasi den prozesu demokratikoa «zapuzteko». Hori horrela, AAMk EAJri galdetu dio ea antzeko polizia sarekadak egitea eta gazteak torturatzea PSOErekin Madrilen sinatutako akordioan jasotzen den.

Espetxeratze autoa

Horrenbestez, joan den astean Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Bartzelonan atzemandako hamalau gazteak kartzelan daude. Horietako bati, Marina Sagastizabali, ordea, 10.000 euroko bermea ordainduta libre geratzeko aukera eman dio epaileak. Espainiako Soto del Real eta Alcalako espetxeetan daude preso gazteak. Xabier Bidaurre eta Ibon Esteban Alcalako gazteen modulura eraman dituzte, eta beste guztiak, Soto del Real espetxera.

Grande-Marlaska epaileak Segi gazte erakundeko arduradun izatea egotzi die hamalau gazteei, eta, beraz, «erakunde terroristako» kide izatea. Epaileak autoan dio Segi dela «gaur egun» ETAren «irizpide erradikalekin» bat egiten duen erakunde bakarra, eta bien artean «erabateko antzekotasuna» dagoela. Ezker abertzaleak proposatutako estrategiatik «aldendu», eta ETAren zuzendaritza politikoak eta militarrak finkatutakoari jarraitzen dio Segik, «kale borroka» erabilita, epailearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.