Torturak

Inkomunikazioa bertan behera utz dezala eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari

Unai Romanoren kasutik abiatuta torturak izan dituzte berriro gaur hizpide Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Taldeek proposatutako hainbat ekimen eztabaidatu eta bozkatu dira, baina gaitza izan da adostasunetara iristea. Azkenean, inkomunikazioa bertan behera utz dezala eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Espainiak Gobernuari, EAJren, EHAKren, EAren, EBren eta Aralarren aldeko botoekin. Jaurlaritzari inkomunikazioa ez aplikatzeko eskatzen zion puntuaren aurka bozkatu dute, ordea, jeltzaleek, eta, beraz, proposamen hori ez da aurrera atera.

2006ko martxoaren 20a
15:28
Entzun
Martxoaren 8an agerraldia egin zuen Unai Romanok Giza Eskubideen Batzordean. Haren tortura salaketa artxibatu, eta Guardia Zibilak haren kontrako lege ekimenak abiatu ondoren egin zuen agerraldi hura, Ezker Abertzalea taldearen ekimenez. AralarrekRomanori Eusko Legebiltzarraren elkartasuna adierazten zion legez beste proposamena bultzatu zuten, eta Jaurlaritzako hirukoaren babesa bildu zuen.

Proposamen hori, ordea, ez zen aurrera atera. Izan ere, berdinketa gertatu zen Legebiltzarreko taldeen artean: aldeko zortzi boto jaso zituen ekimenak (EAJ, EA, EB eta Aralar), eta kontrako beste hainbeste jaso zituen (PSE eta PP). Ezker Abertzaleko bi ordezkariak, berriz, abstenitu egin ziren.

Berdinketa izan zenez emaitza, gaur hirugarren eta azken adiz bozkatu dute, eta ekimena bertan behera geratu da berriro ere emaitza errepikatu eta berdinketa gertatu delako. Ezker Abertzalea taldeak agertu du beren abstentzioak ez duela esan nahi torturaren alde daudenik, baizik eta Aralarren aurkeztu eta hirukoak babestutako proposamena "murritza" iruditzen zaiela. Murritza, batetik, kasu zehatz batera mugatzen delako, eta, bestetik, torturarekin amaitzeko bide eraginkorrik jasotzen ez duelako.

Hori dela eta, osoko zuzenketa aurkeztu du talde horrek; besteak beste, inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatzen zaio proposamen horretan Espainiako Gobernuari, eta Lege Antiterrorista aplikatzeari uko egiteko Jaurlaritzari. Guztira hiru puntu zituen, eta, azkenean bi atera dira aurrera: batetik, Legebiltzarrak orain arte torturaren aurka egin dituen adierazpenak berresten dituena, eta, bestetik, Espainikoa Gobernuari inkomunikazioa bertan behera uzteko galdegiten diona. Jaurlaritzako hirukoaren, Ezker Abertzalearen eta Aralarren babesa jaso dute bi puntu horiek. PSEk eta PPk aurka bozkatu dute.

Hirugarrena, ordea, Jaurlaritzari Lege Antiterrorista ez aplikatzeko eskatzen ziona, ez da aurrera atera. Izan ere, EAJk puntu horren aurka bozkatu du PSE eta PPrekin batera. Lege Antiterroristak inkomunikazioaren aplikazioa bermatzen du.

PSEk ere aurkeztu du beste osoko zuzenketa bat, baina hura ere bertan behera geratu da sozialisten babesa baino ez baitu bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.