Sabino Arana Fundazioak antolatuta, ETAren jardun armatuaren amaiera osteko jokalekuari buruz eztabaidatu dute hainbat legelarik, politikarik, abokatuk eta akademikok Bilbon. Joaquin Gimenez Espainiako Auzitegi Goreneko magistratua izan da parte hartu dutenetako bat.
Haren iritziz, garaia da atxilotuen inkomunikazioa desagerrarazteko: "Zenbat eta salbuespen neurri gutxiago, hobe". Gimenezen arabera, "ezin dira salbuespen iraunkorrak egin".
"Sistema juridiko bat ez da definitzen aldarrikatzen dituen printzipioengatik, sakrifikatzen dituen printzioengatik baizik", esan du.
Absolbitu berri dituzten 40 gazteen epaian "erabat ados" agertu da Espainiako Auzitegi Nazionalaren irizpidearekin. "Barkaziozko epai bat ez da inoiz sistemaren porrot bat; justizia egin daiteke kondenatzen zein absoluzioa ematen".
Jardunaldian egon dira, besteak beste, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, Esther Erice Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidentea, Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitza Sailaren idazkari nagusia, eta Iñigo Iruin, Txema Montero eta Miguel Castells abokatuak.