-Txema urkijo (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendaria): «Edozein tortura salaketa aukera ona da tratu txarrak eta torturak ahalbidetzen dituen legediaren aldaketa eskatzeko, gerora salaketa horiek egiaztatzen diren edo ez kontuan hartu gabe. Kasu honetan, egokia iruditzen zait Nazio Batuetako Erakundeko kontalari berezi Theo Van Bovenek eginiko gomendioak gogoratzea. Halaber, komenigarria da oroitzea Estrasburgoko Oinarrizko Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiari kargu hartu ziola, torturak ikertzeko eta argitzeko interes gutxi erakusten zuelako.
Laburbilduz, horrelako gertakariak ekidin behar direla uste dut edo horrelakoak ahalbidetzen dituzten inpunitate espazioak egotea ekidin behar da. Bigarrenik, salaketa egiten denean ikertu behar da, sakonki eta lehenbailehen».
-torturaren aurkako taldea: «TATen argi daukagu, behin eta berriro esan izan dugun bezala, inkomunikazioak torturak ahalbidetzen dituela eta inkomunikazioa eta torturak bata bestearen eskutik doazela. Tortura bukatzeko euskal gizarteari eskatzen diogu hemendik aurrera inkomunikaziorik ez onartzeko. Urtebete pasatu da TATekoek euskal gizartearen babesarekin tortura bukatzeko 9 puntuko proposamena Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarretara bidali genuenetik, eta hura inkomunikazioa eta horrek dakartzan ondorioak saihesteko modu eraginkor bezala azaltzen zen. Badirudi ez dela iritsi oraindik tortura bukatzeko garaia».
-jesus herrero (Bakearen Aldeko Koordinakundeko bozeramailea): «Tortura salaketa guztien inguruan azkar jokatzeko eskatzen du Bakearen Aldeko Koordinakundeak, salaketa horiek lehenbailehen ikertu eta argitu behar direlako. Atxiloturikoek eginiko ustezko delituak alde batera utzita, beharrezkoa da eginiko salaketak ikertzea. Gogora ekarri behar dugu NBEko kontalari bereziak aurreko astean inkomunikazioari buruz eginiko salaketa.
BAK elkarteak uste du ezohiko neurri judizialak inkomunikazioa luzatzea, kasu alde batera utzi behar direla. Horiek ezin dira justifikatu terrorismoarekin edo ETArekin zerikusia duten delituez ari bagara ere».
-askatasuna: «Oso adierazgarria da ETA aho zabalik gaitzesten duten guztiak euskal herritarrak atxilotu eta torturatu dituztenean isilik egotea. Larriagoa oraindik, aste honetan bertan beste 500 torturatzaile gehiagori Euskal Herriko kaleetan ibiltzeko baimen politikoa eman dietelako: gatazka politikoa luzatzeko apustu argia da hori».