Tortura kasuak badaudela dio fiskalburuak, hori esan duten epaietan oinarrituta. Bakanak direla sinetsita dago, baina salaketak ikertu egin behar direla dio.
Nazioarteko hainbat instituziok salatu izan dute Espainiak ez dituela tortura salaketak ikertzen. Urtero errepikatzen den kexua da. Nahikoa egiten dela uste duzu?
Kezkatzen nau horrek. Europako Auzitegiak berriki zigortu du Espainia Aritz Beristainen tortura salaketa ez ikertzeagatik. Horrek kezkatzen nau. Horrez gain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Portu eta Sarasola torturatu izanagatik zigorrak eman ditu. Torturen gaia ikertu egin behar litzateke, ahal dugun neurriraino. Badakit zaila izaten dela, delitu horiek egiten diren lekuen iluntasunagatik sarri ez dagoelako frogarik, edo froga kontraesankorrak izaten ditugulako. Baina, zalantzarik gabe, lehentasunezko borroketako bat izan behar du bakanak direla pentsatzen dudan tortura kasu horiek argitzea. Europari eta nazioarteko erakundeei ez ezik, gizarteari eman behar diogun erantzuna da torturatu duten pertsona horiekiko jarrera babeslea ez izatea. Halako jarrerak ezin dira onartu, estatua bera belztu egiten dutelako.
Nahikoa egiten dela uste duzu? Ikertzen dira tortura salaketak?
Tira...
Auzitegietan torturekin lotuta ikusi dudan azken ekinbidea Alfontso Zenon abokatuaren kontrakoa da. Bere bezero ziren atxilotu batzuek kontatu zizkioten torturak jendaurrean salatzeagatik auzipetu dute. Torturak izan ziren edo ez, ordea, ez da ikertu. Normala da hori?
Ikertu behar dira salaketak, bai. Arartekoak txosten bat egin zuela uste dut, prebentziorako neurri batzuk har daitezela eskatuz: ziegetan etengabe grabatzea, esaterako, nahiz eta ez litzatekeen erabateko bermea izango, kalabozoetatik atera eta beste leku batzuetan torturatu ahalko liratekeelako atxilotuak. Torturen gaiarekin gertatzen dena da salatzailearekiko mesfidantza egoten dela, normalean ETArekin edo kale borrokarekin lotutakoek salatzen dituztelako torturak. Sinesgarritasuna kolokan jartzen zaie, eta horrek zaildu egiten ditu ikerketak. Baina, objektiboki, ez luke inolako oztoporik egon behar ikertzeko. Portu eta Sarasolaren kasuan, esaterako, T-4ko atentatua egitea egozten zaien arren, ikertu egin da, epaiketa egin da, eta zigorrak eman dira torturengatik. Badakit erresistentziak daudela, zailtasun objektiboak, baina, egia esan, ikusten ari gara ez dela egin beharreko guztia egiten torturak ikertzeko, eta Beristainen kasua da adibidea. Zorrotzagoak izan behar dugu agian gai honekiko.
Torturen prebentziorako nazioarteko erakundeek diote inkomunikazioa bertan behera uztea dela tortura saihesteko bermea. Espainiari behin eta berriz eskatu diote hala egiteko. Inkomunikazioa ezabatzearen alde egongo zinateke?
Hori parlamentuaren esku dago. Badakit inkomunikazioak badituela bere arrazoiak komandoen aurkako operazioak bermatzeko eta abar; nik ezin dut hor sartu.
Babestuko zenuke, halere?
Ez dakit, egia esan. Inkomunikazioak badu zergati bat; badu bere zeregina terrorismoaren aurkako borrokan, eta egia da baita ere torturatzeko aukerak errazten dituela. Orduan, torturak saihesteko beste bide batzuk erabil badaitezke, agian, horretan indar egin behar da. Estatuek, sarritan, gehiegikeriaz aritzera jotzen dute. Polizia estatuek, poliziek, boterea duten guztiek. Prebentzioa behar da bakanak diren baina gertatzen diren kasu horiek gerta ez daitezen.
«Inkomunikazioak badu zergati bat, baina tortura errazten du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu