Epaimahaiak dio akusazioak Urtzi Azpirozen kontra aurkeztutako frogak ez direla nahikoa leporatzen diona esateko, hau da, hark "kalte terrorista" egin zuela eta "lehergaiak gorde" zituela. Zigor Arloko Bigarren aretoaren arabera, ez da frogatu Azpirozek egozten zaion kale erasoan parte hartu zuenik, eta, beraz, absolbitu egin dute. 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zuten, eta 2012ko urriaren 23an atera zen libre. Beraz, urtebete eta bederatzi hilabete eduki dute preso.
Batetik, epaimahairen ustez, ezin da esan "inolako dudarik gabe" fiskalak aurkeztutako DNA lagina Azpirozi "fidagarritasunez" hartutakoa dela. Azpirozek ustez taberna batean erabilitako edalontzi bat aztertu zuen ertzain batek, fiskalaren arabera. Aztertutako edalontzia berak erabili zuenik ez da frogatu, ordea, auzitegiaren arabera, eta nabarmendu du ustez edalontzia aztertu zuen ertzaina ere ez zela agertu epaiketan, edalontzia non eta nola jaso zuen azaltzera.
Hori ez ezik, Azpirozi inkomunikatuta zeukatenean hartu zioten lagina "berme prozesalik gabe" hartu ziotela nabarmendu du epaimahaiak. Atxilotu bati DNA lagina hartzeko bere abokatua aurrean egotea beharrezkoa baita, Espainiako Auzitegi Goreneko jurisprudentziaren arabera.
Azpirozi Garzon protokoloa gisara ezagutzen den "torturaren kontrako protokoloa" ere ez zitzaiola aplikatu ekarri du gogora, eta, beraz, ez zaizkiola "berme prozesalak" bete. Hor egiten dio erreferentzia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Martxelo Otamendiren torturak ez ikertzeagatik Espainiaren kontra kaleratutako epaiari. Eta gogora ekarri du han azpimarratzen dela atxiloketa inkomunikatuan oinarrizko eskubideek "inseguritate tartea" dutela.