Politika

Ino Galparsorok eskerrak eman dizkie Arrasateko herritarrei, "Garzonen erabakiei aurre egiteagatik"

Hango alkatea atzo baldintzapean aske utzi zuen Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, 30.000 euroko bermea jarrita. Goizaldera iritsi da Arrasatera, eta bihar arratsaldean omenaldia egingo diote.

2008ko uztailaren 29a
12:52
Entzun
Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) alkatea baldintzapean libre uztea erabaki zuen atzo Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Fiskaltzak hala eskatuta. Pedrazek 30.000 euroko bermea ezarri zion espetxetik atera ahal izateko, eta alkatea goizaldera heldu da bere herrira, 1:15 aldera. Baltasar Garzon epaileak bidali zuen kartzelara apirilaren 30ean, behin-behinean.

Arrasateko herritarrei eskerrak eman dizkie Galparsorok azkeneko hilabeteotan bere alde egindako ekimenengatik, "herritarren borondatea defenditzeagatik eta Garzonen erabakiei aurre egiteagatik". Hala, herritarrenganako "miresmena" daukala adierazi du alkateak. Herrira iritsi denean, hainbat lagun zituen zain, ikurrinekin, eta alkateak udaletxeko balkoitik bere askatasuna eskatzen zuen pankarta kendu du. Bihar omenaldia egingo diote, 19:30etik.

Garzonek "erakunde terroristari" laguntzea eta EAE-ANVren jarduera eteteko agindua urratzea egotzita agindu zuen Arrasateko alkatearen espetxeratzea. Soto del Realgo (Espainia) kartzelan egon da azken hiru hilabeteotan. Garzonen ordez lanean ari den Pedraz epaileak hartu du Galparsoro aske uzteko erabakia.

30.000 euroko fidantzan arratsaldeko hiruretarako ordainduta egonda, 21:20an geratu zen aske. Pedraz epailearen erabakia ezagutu bezain pronto, Galparsororen familia eta Arrasateko Udaleko ordezkaritza Madrilera joan zen, hari ongietorria eman eta Euskal Herrira ekartzeko. Ohiane Aranburu Galparsoro espetxean izan den bitartean alkate lanetan aritu den EAE-ANVko zinegotziak esan du ia ziurra dela Galparsoro Arrasateko Udalera itzuliko dela eta alkate izaten jarraituko duela hemendik aurrera.

EAE-ANVren jarduerak eteteko otsailaren 8ko agindua "berariaz" urratu izana eta desobedientzia delitua leporatuta ezarri zion Garzon epaileak espetxe zigorra Arrasateko alkateari. Polizia txostenean jasotakoak aipatu zituen Garzonek espetxeratze autoan. Batetik, ANVk ETArekin "dependentzia eta sumisio argia" dituela zioen, eta Galparsorok "kargu garrantzitsua" zuela ANVn. Eta, bestetik, jarduera debekatu ostean, ANV "hautetsi independentistak" izenarekin mozorrotu zela ere esan zuen epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.