Inoiz baino preso gehiago, errepresio gehiagoren ispilu

Lan politikoa espetxearekin zigortzen dela salatu du AAMk eta horregatik dagoela hainbeste preso

Oihana Elduaien Uranga.
2009ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Frankismo garaitik inoiz egon den euskal preso politiko gehiena dago egun. 2008aren bukaeran 764 preso zeuden Euskal Preso Politikoen Kolektiboan (EPPK). Duela bi urte baino 166 gehiago. 2007ko urtarrilean 598 preso zeuden, eta kopuru horrek jauzi ikaragarria egin zuen ETAk su-etena hautsi zuela iragarri zuenetik. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) esanetan presoen gehitzeak badu esplikazio bat: «Preso politiko gehiago egotea errepresio gehiago egotearen logikan ulertzen dugu». Espainiako Gobernuak «independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko apustu itsua» egin duela uste du AAMk, eta errepresioa gizarte eremu zabalagoetara eraman duela. Horren ondorio da, AAMren ustez, lan politikoa egiten dutenak espetxeratzea, eta ondorioz presoen kopurua areagotzea.

Behin-behinean dauden presoak ere nekez uzten dituzte libre, AAMren esanetan, eta presoen kopuruan ere eragiten du gero eta gehiago izateak Parot doktrina esaten dioten Espainiako Auzitegi Goreneko doktrina aplikatzen dieten presoak. «Euskal Herrian, asko sartzen dituzte espetxeetara eta gutxi ateratzen dira».

15 hilean behin hildako bat

Espainiako Gobernuak euskal presoen kontrako sakabanaketa politika martxan jarri zuenean «ongi diseinatu» zuela salatu du AAMk: «Jakitun ziren senideak hainbeste miloi kilometro egitera behartzeak istripuak ekarriko zituela berekin». Hala gertatu da, eta AAMren arabera, hamabost hilabetean behin hiltzen da senide bat. Izan ere, hamasei senide hil dira sakabanaketak indarrean daramatzan hogei urteetan.

Nolanahi ere, sakabanaketa politikak ez dituela bere helburuak bete ustez du AAMk; «horregatik espetxe politika gogortzekoneurri berriak hartu dituzte», dio.

Neurri horien artean sartu ditu gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean edukitzea eta «bizi arteko zigorraren aplikazio praktikoa» egitea.

«Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak sufrimenduaren atzaparretan itotzeko espetxean edukitzeak adierazten du preso politikoak hiltzeko borondatea dagoela», dio AAMk. Ulergaitza egiten zaio minbiziak jota edo eskizofreniak jota dagoen preso bat espetxean edukitzea. AAMren ustez, Espainiako Gobernuak mezua igortzen du preso gaixoak askatu gabe: «Presoak bere bahitu politikoak dira, eta nahi bezala erabiltzen ditu, bere interes politikoen arabera, bere errepresio estrategiaren mesedetan».

Bestalde, bizi osorako zigorra izen horrekin aplikatu ez badute ere, AAMren ustez, praktikan horixe bultzatzen dute Espainiako Gobernuak. Parot doktrina deiturikoa aplikatuz eta Zigor Kodea aldatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.