Kalean da Jone Amezaga (Errigoiti, 1990). Duela urte eta erdi, 2014ko abenduaren 15ean atxilotu zuten Gernika-Lumon, pankarta bat jarri eta terrorismoa goratzea leporatuta. Eta, zigorra 18 hilabetekoa izan arren, kartzelatu egin zuten. Libre mugimenduak Amezagaren kontrako epaia salatzeko ekinbideak bultzatu zituen orduan. Asteburu batez, herri oso bat aterki bihurtu zen (bideoa: Busturialdeko Hitza).
[Youtube]https://youtu.be/bdobH83jNUE[/Youtube]
18 hilabeteko kartzela zigorra betetzera kondenatu zintuzten. Bi urte baino gutxiagoko zigorra. Zergatik sartu zintuzten kartzelan?
Hori jakin nahiko nuke. Esango nuke interesen bat zegoela atzean, tema handia baitzuten urte eta erdiko zigorra izanda ere ni kartzelatzeko. Baina galdera horri kartzelatu nindutenek erantzun beharko liokete.
Zure gurasoei egindako elkarrizketa batean, amak esan zuen gogorra zela pentsatzea esku beltz bat zegoela zu kartzelan sartzeko asmoz. Esku beltz hori sumatu zenuen zuk ere?
Bai, eta, gainera, esku beltz hori ez zetorren Espainiatik, Euskal Herritik bertatik zetorren eskua zen, eta horrek zer pentsatu ematen du. Zenbaitetan, aurpegi bat erakusten dute, baina, gero, haien esanetara dagoen Poliziak beste gauza bat erakusten du bere ekinbideekin. Beraz, ulertezina egiten zait.
2014 azaroaren 26an, etxetik alde egiteko erabakia hartu zenuen. Nola barneratu aurrerantzean bizimodua ez dela bera izango?
Ordu hartan ez nintzen kontziente nire bizimodua aldatzera zihoala; helburua zen ezkutatzeko leku bat topatzea eta atxiloketa saihestea. Bizimodua aldatuko zitzaidala banekien, baina ez nuen barneratua. Ziurtasunik eza handia zen, eta ez nekien zer gertatuko zen.
Gernika-Lumon urte askoan ikusi gabeko herri mugimendua piztu zen, zure kontrako zigorra salatzeko. Nola bizi izan zenuen hori?
Pozik, ez nuelako espero halako mugimendurik sortuko zenik. Imajinatzen nuen hainbat mobilizazio egingo zituztela herrian, baina ez horrenbesteraino. Zorionez, aukera izan nuen herrian gertatzen zenari ezkututik kasu egiteko, eta ukitu egin ninduen. Herrian maitatua nintzela ohartzen nintzen, jendeak babesa erakutsi zidan, eta hori oso polita da.
Sentitu nuen babes horrek guztiak, gainera, kartzela barruan ere libre egin nau. Alde horretatik, esan behar dut kartzelara indartsu sartzeko lagundu zidala, eta aurrera egiteko egunez egun.
‘Herri librean’, ezkututik gizartera ateratzeko aukera ere izan zenuen. Zuk esana da herritarren konpromisoak egin zintuela libre asteburu hartan. Hala ere, zu atxilotzeko agindua zuen Poliziak, eta ezkutura bueltatu zinen. Nola da posible egoera horretan libre izatea?
Fisikoki askatasuna kendu arren, libre izatearen sentimendu hori askoz handiagoa da. Zaila zen atxiloketa saihestea, haiek botere handiagoa dutelako. Baina ni libre sentitu naiz, eta hori, hein handi batean, herriak eman didan arnasagatik izan da.
Pankarta bat eusteko jarritako makila batean aurkitu zituzten hatz markak zureak omen zirela... Zure kontrako froga sendorik ez zutela salatu izan du sarritan zure abokatuak.
Herri honek bizi izan duen errealitatearen parte da hori ere. Zenbat jende joan den kartzelara jardun politikoagatik edo herri honen alde borrokatzeagatik. Kartzelatzeko argudioak, askotan, asmatutakoak izan dira, jukutriak izan dira. Nire kasuan bezala, baita beste askotan ere. Zoritxarrez, errealitate hori oraindik existitzen da; horregatik, epaiketa politiko denak amaitzeko borrokan jarraitu beharra dago.
Auzitegi Nazionalera joan behar dugun bakoitzean, zelanbait, euskaldunak epaituak gara hara heldu aurretik. Gure aurkako frogak izan ditzakete, edo asmatu, baina zure hitza da, haien berbaren kontra. Kontua da zure berbak ez duela baliorik, eta haienak bai.
Zure kasuan, nola egin zenion aurre horri?
Egia esateko, hain surrealista iruditzen zitzaidan egoera ez nuela imajinatzen kontu horregatik kartzelan amaituko nuenik. Inoiz ikusi gabeko pankarta batean nire hatz markak agertu zirela... Eta, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan nintzenean, ez nekien zein pankartari buruz ari ziren ere. Baina, era berean, surrealista izan arren, haien esku nengoen, eta nahi zutena egin ahal izan zuten. Hori benetan tristea da.
Zure kontrako epaia bidegabekeria zela salatzeko idatzi bat atera zuten, eta gizarte, kultura, kirol, politika... arloko jende askok eman zuen atxikimendua, baita herriko zenbait udaltzainek ere.
Bai, eta horrek indarra eman zidan. Ikusi ahal izan nuen jende askok onartu zuela nire kontrako epaia injustua zela. Atxiloketa ezin zitekeen saihestu, baina sekulako pausoa izan zen herri oso bat kontziente izatea nire kontrako epaia injustua zela.
Asteburuan zu atxilotzeko ahaleginik ez zuten egin. Zergatik?
Modu batera edo bestera, hasieratik saihestu nahi zuten herri harresietako atxiloketa eredua. Asteburuan herri batean sartzea eta atxiloketa bortitz bat egitea politikoki ez zen egokia haientzat, eta uste zuten astelehenean jende gutxiago egongo zela niri babesa ematen; hartara, errazago izango luketela ni atxilotzea. Heldu, atxilotu eta eraman. Hori zen beraiek nahi zutena, orduak luza zitekeen atxiloketa izan beharrean.
Hala ere, jende bete plazaren aurrean atxilotu zintuzten, modu bortitzean.
Nahiko gogorra izan zen momentu hura. Badatozela entzuten nuen, baina ez genuen espero merkatu plazara sartuko zirenik astelehen batean. Azkenean, baina, horrela izan zen, eta gogorra egin zitzaidan jendea jipoitzen ari zirela ikustea: etxekoak, lagunak... Ni babesteagatik kolpatu zituzten, eta urduri jarri nintzen. Buruan dudan imajina da lurrean zeudenei kolpeka ari zirela, edadeko emakume bat erortzen ikusi nuen... Oso gogorra egin zitzaidan, eta amaitzea nahi nuen; eraman nintzatela, egoera hura amaitzeko.
Lehenengo hiru hilabeteak bakartuta izan zintuzten. Zelan ikasten da kartzelan bizitzen?
Hasierako hilabeteetan ordu gehienak ziega barruan ematen nituen, eta errutina bat finkatu nuen: Ohetik jaiki, irakurri, telebista ikusi, gutunak idatzi... Patioko orduetan ariketa fisikoa egiten nuen. Zaballan nintzela, irrati bat ere banuen, eta Hala Bedi irratia entzuten nuen; zelanbait, gertutasunaren sentsazioa ematen zidan. Lehenengo egunetan, gainera, nire atxiloketari buruz ari ziren, eta ama entzun ahal izan nuen elkarrizketaren batean, baita lagunen bat ere... Ikasi beharra dago, eta ikasten duzu. Espabilatzea besterik ez duzu.
Zer da emakumea izatea kartzela barruan?
Nik Avilako kartzelan (Brieva) eman dut denbora gehiena, eta hura emakumeentzako kartzela bat da. Beste kartzela batzuk gizonezkoentzako kartzelak dira, eta emakumeentzako modulu bat dute. Han sartzen gaituzte, baina ekintzak eta gauzak egiteko aukerak mugatuta daude; gizonentzakoak dira, eta emakumeak nahiko bakartuta bizi dira. Ni, Zaballan eduki nindutenean ez nintzen txabolotik irteten. Baina errealitatea hori da, gizonezkoentzat pentsatutako kartzelak direla, emakumeak modulu batean sartzen dituztela eta ahal duten moduan moldatu behar dutela. Gizonezkoak baino egoera gogorragoan bizi dira, aukera berdintasunik ez dutelako. Nik, baina, ez dut hori bizi izan, eta jarduerak egiteko aukerak izan ditut. Bigarren graduan eduki naute, eta patioko ordu gehiago ere banituen. Beraz, beste asko baino egoera hobean bizi izan naiz ni kartzelan egon naizen bitartean.
Kartzela barruan, irribarre egin daiteke?
Bai, egin daiteke. Asko, gainera. Garrantzitsua da umorea ez galtzea, eta egoera atseginak bilatzea. Jende eta errealitate asko ezagutzen dituzu, eta behar duzu momentu ezberdinak konpartitu. Nik barre asko egin dut kartzela barruan, eta behar duzu. Ilusioak, ametsak... Bizirik zauden heinean, behar duzu zoriontsu izan.
Beraz, aldi onak ere eman dizkizu.
Hein handi batean, zuk egiten duzu momentu horiek onak izatea. Euskal Herritik heltzen ziren albiste onak poztasunez hartzen genituen; esate baterako, akordioak lortuta kartzela saihestu dutela hainbat herritarrek. Heltzen zitzaizkidan gutunak ere haize freskoa hartzea bezala zen.
Kalera ateratzeko eguna helduz doan heinean, nola prestatzen duzu zeure burua horretarako?
Egia esateko, neure buruari esaten nion ez nuela sinetsiko atea zeharkatu arte. Urduri nengoen, baina ez uste nuen beste. Bestalde, pena ere eman zidan barruan utzi dudan kideagatik; gogorra egin zitzaidan, eta gogorra da oraindik.
Aipatu izan da zure aurkakoa zigor eredugarri bat izan dela. Eraginik izan du?
Ez, eta, hein handi batean, lanean jarraitzeko gogoarekin bueltatu naiz. Kikiltzeko helburua zuen zigor eredugarri horrek, baina nigan ez du ezer aldatu. Lan egiteko gogotsu nator.
Zigorra beteta, orain kalean zaude. Libre zara?
Inoiz ez diot utzi libre izateari. Metaforikoa ematen duen arren, «zuek egin nauzue libre», esan nuen kartzelara joan aurretik ere. Libre sentitzen nintzen, eta kartzelan izan naizenean ere libre sentitu izan naiz. Nire konpromisoa, ideiak eta borrokatzeko gogoa, ez dizkidate kendu, eta ez dizkidate kenduko.
Bizi izandakotik zein irakaspen atera duzu?
Honek guzti honek erakutsi dit herri honek baduela gaitasuna borrokarako, mobilizatzeko, eta nahi duguna lor dezakegula. Gauzak alda daitezkeela sinetsi behar dugu, eta ditugun ametsak egia bihurtu.