Inoizko CO2 kopuru handiena erregistratu dute atmosferan

Maiatzean, atmosferako CO2aren azken hiru milioi urteetako errekorra gainditu da; 417 ppm erregistratu dituzte guztira. Urtero maiatza izaten da CO2 kopururik altuena erregistratzen den hilabetea, baina urtetik urtero gorantz egiten jarraitzen dute maiatzeko karbono dioxido kopuruek. 

Petrolio findegi bat, Mexikon. FRANCISCO VILLEDA, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko ekainaren 9a
13:15
Entzun

Pandemiaren ondorioz azken hilabetetako CO2 isuriak murriztu diren arren, Greenpeace elkarte ekologistak salatu du 2020ko maiatzean inoizko karbono dioxido kopururik handiena erregistratu dutela atmosferan: milioiko 417 zati. Maiatzeko gehiengo historikoaren aitzinetik, duela hiru miloi urte erregistratu zen atmosfera karbono dioxido kopururik altuena. Planetaren baldintzak, ordea, erabat ezberdinak ziren orduan: itsasoaren maila egungoa baino metro batzuk gorago zegoen, eta askoz izotz gutxiago zegoen poloetako eskualdeetan.

Greenpeacek azaldu duenez, urtero maiatza izaten da CO2 gehien erregistratzen den hilabetea,maiatzetik aitzinera hasten baita ipar hemisferioko landaredia modu naturalean CO2 kopuru handiak xurgatzen. Azken urteetan, ordea, urtetik urtera gorantz doa kopuru hori, bereziki giza jardueretan eragindako emisioen igoeragatik, erregai fosilak erretzeagatik batez ere eta landaredia galtzeagatik. 

Tatiana Nuñok, Greenpeaceko Klima Aldaketaren Kanpainaren arduradunak, adierazi duenez, aukera paregabea da «sistemari buelta emateko». Nuñoren ustez, Klima Aldaketaren Legeak emisioak murrizteko helburuak hartu behar ditu bere gain, eta erregai fosilak uzteko data jarri behar du. 

Pandemiak isuriak gutxitu ditu

Nature Climate Change aldizkari zientifikoan maiatzean argitaratu zen ikerketa baten arabera, pandemia garaitzeko ezarritako konfinamenduak eguneroko karbono isuriak % 17 murriztu zituen apirilaren hasieran —data horretan zeuden herrialde gehien itxialdian—. Hala, 2006tik jasotako mailarik apalenak erregistratu ziren. Azken hilabetetan CO2 isuriak murriztu izanak, ordea, ez du eragotzi maiatzean inoizko CO2 kopururik handiena erregistratzea atmosferan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.