Inoizko inbertsiorik handienak egin zituen MCCk iaz, eta aurten gainditzea espero du

Euskal Herrian enplegua sortzea izango da taldearen lehentasuna, «batez ere kooperatiboa»

Ivan Santamaria.
2007ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Etorkizunean eta bolada ekonomikoan duen konfiantza inbertsioetan erakusten ari da Mondragon Corporacion Cooperativa (MCC). Hazkunde adierazgarria izan zuten dagoeneko joan den urtean, lehen aldiz mila milioi eurotik gorako inbertsioak martxan jarri ondotik. Eta aurten bide horri eusteko konpromisoa berretsi du korporazioak: 1.350 milioi izango dira, 2006an baino %15 gehiago.

Jesus Catania MCCko Kontseiluko presidenteak taldearen emaitza nagusiak eta datorren urterako aurreikuspenak aurkeztu zituen. Harekin batera izan ziren Juan Mari Otaegi MCCko Kongresu Kooperatiboko lehendakaria, eta Jose Maria Aldekoa eta Constan Dacosta, industria eta banaketa arloetako buruak, hurrenez hurren.

Cataniak azaldu duenez, 2006ko inbertsioak, 1.243 milioi, enplegu ugari sortzeko aukera eman die. Guztira, 5.146 lanpostu gehiago izan ziren, horietatik laurden bat Hegoaldean. Taldea nazioartean indartzeko ekimenak Euskal Herrian lanpostuei eusteko estrategiarekin bateragarria dela aldarrikatu du, gainera. Horixe izango da, gainera, 2009-2012 Plan estrategikoaren ardatza. «Enplegua hemen sortzea da erronka, batez ere kooperatiboa», onartu du Cataniak.

Irabazietan zein fakturazioan hazkunde esanguratsuak izan zituen taldearen jarduerak. Industriak eta Eroski taldeak baturik, esaterako, salmentak 13.390 milioi eurokoak izan ziren. Kopuru horren erdia Industria sailari dagokio. Arlo horretan, hain zuzen ere, salmenten %56 dagoeneko Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo eginikoa da. Eremu geografiko horretatik at 65 filial ditu martxan MCCk. Aurten, gainera, 300.000 metro koadro dituen industrialdea zabaldu du Txinan, Shangaitik hurbil.

Aurtengo lehen hiruhilekoan salmentak %13 handitzea lortu du MCCk. Hortaz, urte bukaerarako fakturazioa 14.500 milioi euro ingurukoa izatea aurreikusi dute. Halaber, 2007. urtea ixterakoan 750 milioi euroko irabaziak gainditu, eta 86.000 langile nominan izango dituztela kalkulatu dute.

Bide horretan korporazioak identifikatu dituen lan ildo estrategikoetan sakontzeko asmoa du. Osasuna, energia berriztagarriak, aeronautika, eta trena. «Ez gara trenak eraikitzen hasiko, baina, abiadura handikoen kasuan, osagai berriak ekoiztea aukera egoki bat da», zehaztu du Cataniak.



DOZENA BAT PROIEKTU ESKU ARTEAN. Uztailetik aurrera Jesus Catania ordezkatuko duen gizonak, Jose Mari Aldekoak, korporazioak industrian dozena bat ekimen martxan dituela aurreratu zuen, atzerrian filialak paratzeko. Horietatik sei-zortzi aurten «prest» izan nahi dituzte. Europako Ekialdean, Asian eta Amerikan paratuko dira, eta baliteke baten bat Afrikan ere kokatzea.

Aldekoak ez du baztertzen etorkizunean industrialde propio gehiago erakitzea atzerrian, Txinan egin duten modura. Edonola ere, ez dagoela beti haien esku nabarmendu du. «Ez da batere erraza. Sarritan aurretik lanean ari zen enpresa bat erosten dugulako, dagoen tokian dagoela. Hala ere, saiatuko gara».

Finantzen sektoreari dagokionez, Euskadiko Kutxaren hipoteka maileguak %25 handitu ziren. Aurrera begira maileguen indarra apalduko dela onartu du Juan Mari Otaegik. Kutxak murrizketa horri enpresa txiki eta ertainei ematen dizkien zerbitzuak hobetzen ahaleginduko dira.

Bestalde, Eroski taldea Caprabo erosteko lehian sartuta dagoen edo ez argitzeari uko egin dio Constan Dacostak. Aurten 700 milioitik gorako inbertsioak egingo ditu talde horrek, eta zortzi hipermerkatu zabaltzea espero dute, gehienak Levanten, Espainiako ekialdean.



«Inbertsioen kopuru errekorra izateak konfiantza eta indarra ematen digu etorkizunera begira»

Jesus catania
MCC-ko Lehendakaria
«Txinakoa bezalako beste industrialde bat martxan jartzea ez da erraza izango, baina saiatuko gara»

Jose mari aldekoa
MCC-ko Lehendakariordea




Ekainaren 30ean kargua utziko du Jesus Catania presidenteak

Azken aldiz egokitu zaio Jesus Cataniari MCC taldearen emaitzen berri ematea. Izan ere, datorren ekainaren 30ean erretiroa hartuko du egungo presidenteak. Orain arte industria sailaren ardura izan duen pertsonak, Jose Mari Aldekoak, ordezkatuko du.

Ez da izan, hala ere, korporazio kooperatiboaren buruzagitzan egingo duen azken ekitaldi ofiziala, datorren ekainaren 19an Garaia berrikuntza guneko lehen zentro modularraren inaugurazioa egingo baitu MCCk. Maiatza arte «industria arloan buru-belarri» aritu dela adierazi du Aldekoak, eta, ondorioz, ez duela taldearen gidaritza osoan pentsatzeko asti handirik izan.

Hala ere, azken asteotan Cataniarekin aritu da elkarlanean, ordezkapena arazorik gabe egin ahal izateko. 1971. urtetik da kooperatibista Aldekoa, eta kontseilua sortu zenetik kooperatibako kide da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.