"Inoren hipotekarik gabe" gobernatu ahal izateko, botoa eskatu du Lopezek

"Guztien" lehendakaria izango dela esan du Patxi Lopezek, kanpaina amaitzeko herriz herri egin duen ibilaldian.

edurne begiristain
2009ko otsailaren 28a
13:28
Entzun
Bihar hautestontziak alderdi sozialistaren aldeko botoekin betetzeko deia egin die Patxi Lopezek herritarrei. "Itxaropenaren" aldeko botoa eskatzeko baliatu du PSEko lehendakarigaiak hauteskunde kanpainaren azken eguna. Minutu bat bera ere ez du galdu boto eske. Goizeko bederatzietan hasi da, Portugaleten (Bizkaia), eta iluntzeko bederatzi eta erdietan amaitu du, Gasteizen. Maratoia egin du autobus batean: Portugalete, Barakaldo, Bilbo, Eibar, Arrasate, Donostia eta Gasteiz bisitatu ditu. Kanpainaren azken egunari ahalik eta zuku gehien atera nahi izan dio PSEko lehendakarigaiak.

Lopezek PSEri erabateko babesa emango dioten "ukabilak eta arrosaz" beteta ikusi nahi ditu bihar hautestontziak. Herritarren babes zabala nahi du, "inoren hipotekarik gabe" eratu nahi duen gobernu "sendoa" egiteko ezinbestekoa duelako ahalik eta herritar gehienen botoa. Lehendakaritza eskuratzea gertu ikusten du PSEren hautagaiak, eta azken ahalegina galdegin die herritarrei, bozkatzera masiboki joan daitezen eskatuz: "Dei egiten dut hautestontziak itxaropenez betetzeko, Euskadin aldaketa ez dela posible diotenak aho bete hortz uzteko", adierazi du, hauteskunde amaierako mitinean, Gasteizen. Igandean hasiko da "etorkizuna", eta sozialistak horri heltzeko prest daude, Lopezen hitzetan. Ziur da, gainera, inkestek EAJ eta PSEren artean aurreikusten duten berdinketa teknikoa erraz gaindituko dutela sozialistek, garaipen zabala eskuratuta.

PSEren aldeko botoa, "askatasunaren, duintasunaren, bizikidetzaren eta herriaren garapenaren berme" dela aldarrikatu du Lopezek. Bereziki "bestelako herri batekin" amesten duten gazteei eskatu die botoa.

Bi opari Lopezentzat

Pozarren agertu da Lopez kanpaina itxierako ekitaldi jendetsuan. Aldarte onean egin du mitina. Hura baino lehen Txarli Prieto Arabako zerrendaburuak aldarrikatu du sozialisten eskutik etorriko den ezkerreko gobernua. Horretarako, "abertzale moderatuei" eta Ezker Batuan Madrazori "danbatekoa" eman nahi diotenei botoa eskatu die. Gainera, bi opari egin dizkio Prietok "hurrengo lehendakariari": kale izendegi bat, "Gasteiz ongi ezagutzeko", eta maleta gorri bat, Ajuria Enera etxe aldaketa egiteko.

Hunkituta hartu ditu Lopezek opariak. Eta esan du "harro" dagoela sozialistek egindako hauteskunde kanpainarekin. "Ibarretxek ez bezala, guk ez dugu beldurraren mezurik zabaldu. Ez dugu inor iraindu". Herritar "guztien" lehendakaria izateko konpromisoa hartu du jendaurrean. "Gizon eta emakume guztiekin" dauka konpromiso hori, eta "ez beste inorekin". Elkarrizketan eta guztien arteko akordioan oinarrituta eraiki nahi du "Euskadi". Izan ere, PSEko hautagaiak uste du "aukera berria" merezi dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek, eta aukera hori sozialisten esku etorriko dela bakarrik. "Gure arazoek konponbidea dute baldin eta atzean uzten badugu haustura eta etorkizunari begiratzen badiogu".

Balizko gobernu akordioak ere ahotan izan ditu. Ez du gobernu itunik egin nahi "soil-soilik" nazionalismoaren eta sozialismoaren aurkako politika egin nahi duen alderdi popularrarekin. Eta ezta bere herri eredua besteei "inposatu" nahi dien jeltzaleekin ere. "Ni guztien lehendakaria izango naiz, Euskadi izena duen egitasmoan inbertitzen jarraitzeko".

Nolanahi ere, Lopezek aitortu du sozialistek ez dituztela arazo guzti-guztiak konponduko. Besteak beste, ezin izango diote egun batetik bestera krisialdiari irtenbidea eman. Hala ere, hitz eman du buru-belarri lan egingo dutela egoera ekonomikoa hobetzeko. Gizarte elkarrizketa sustatuko dute, enplegua berreskuratzeko eta osasuna hobetzeko neurriak martxan jarriko dituzte, etxebizitzak egingo dituzte, hezkuntza alorrean adostasuna berreskuratuko dute, gazteei aukera berriak eskainiko dizkiete... "Gustuko ez ditugun gauzak aldatu nahi ditugu, hobeto bizi ahal izateko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.