Auzitegi Nazionala

Inputatu gisa deklaratu behar dute bihar Estanis Etxaburuk eta Jon Enparantzak

Jose Mari Sagardui =iGatza=i presoaren aldeko ekitaldi batean parte hartzeagatik, inputatu gisa deklaratzera deitu dituzte Jon Enparantza abokatu eta Askatasuneko kidea eta Estanis Etxaburu Etxerat elkarteko kidea. Espainiako Auzitegi Nazionaleak deklaratu beharko dute biek bihar. "Oroimena, eta berekiko maitasuna eta elkartasuna adierazteagatik" zitatu diztuztela salatu dute gaur. Era berean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren desagerpena exijitu dute berriro. Besteak beste, "salbuespenezko neurriak aplikatzen dituen" epaitegia delako.

2006ko urriaren 23a
16:57
Entzun
Gatzak iaz bete zituen 25 urte kartzelan eta omenaldia egin zioten Zornotzan. Hori dela-eta, beste lagun batzuk zitatua dituzte ordutik hona. Larunbatean, Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu deitu zituzten. Bihar deklaratu beharko dute inputatu gisa Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Deialdiaren berri emateko agerraldia egin dute gaur Estanis Etxaburu Etxerat elkareko kideak, Jon Enparantza Amnistiaren aldeko mugimenduko kideak eta Santos Sagardui, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren aita. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide gisa aurkeztu dira komunikabideen aurrean.

Etxaburuk azaldu du zergatik joan behar duten bihar Madrilera: "Iazko uztailean Zornotzan omenaldi bat egin zen, gure preso politikoak, Gatzak, espetxean 25 urte betetzen zituelako. Bertan parte hartu genuelako Auzitegi Nazionalera deituak izan gara". Antza denez, Etxabururen hitzetan "oroimena, eta berekiko maitasuna eta elkartasuna adierazteagatik, eta baita ere bere senitartekoen jarrera goraipatzeagatik zitatzen gaituzte Madrilen".

Salatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak "ahaleginak" egiten dituela oraindik euskal presoen "bizi baldintzak gogortzeko". Adibide zehatzak aipatu ditu gainera: "Espainiako Auzitegi Nazionalean oraindik ahalegin guztiak egiten ari dira bizi arteko kartzela zigorra aplikatzeko: besteak beste, erredentzioak moztuz, espetxe zigorra luzatuz eta sumario berriak irekiz".

Horren aurrean baina, azpimarratu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek egoera hau saltzen jarraituko dutela eta inork ez dituela isilaraziko. "Presoen zein senideen testigantza ematen jarraituko dugu". Espainiako Auzitegi Nazionalak ezartzen dituen "salbuespen neurriak" ere gogor kritikatzen jarraituko dutela ziurtatu du Etxaburuk.

Agerraldiaren amaieran, beste behin exijitu dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren desagerpena. "Salbuespen neurriak aplikatzen dituen salbuespen auzitegi horren, Espainiako Auzitegi Nazionalaren desagerpena exijitzen dugu, denon onerako eta etorkizunerako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.