Sei hilabete bete dira gaur Athleticeko jarraitzaile Iñigo Cabacas Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota hil zela. Sei hilabetera, ikerketa judiziala irekita dago, baina oraindik argitzeke daude egun hartan gertatutakoaren xehetasunak.
Elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko, Cabacas oroitu eta erantzukizunak eskatzeko. Iñigo Gogoan mugimenduak goizean egin dio omenaldia, Bilboko Justizia Jauregiaren atarian, goizeko hamaiketan. Urte erdiko balantzea egin dute: "[Cabacasen] Heriotza ertzain batek jaurtitako pilotakada batek eragin zuen, eta 6 hilabete beranduago ertzain horren identifikazioa gauzatu gabe eta egindakoaren erantzukizuna hartu gabe jarraitzen du nonbait". Hala ere, ardura Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiarena ere badela uste du mugimendu horrek: "Zer exijituko diote ertzain bati euren arduradun politiko zuzen Rodolfo Ares jaunak Barne sailburu gisa kargua utzi eta inolako erantzukizunik hartu gabe alde egin badu?".
Elkarretaratutakoek amaitutzat jo dute Ertzaintzaren polizia eredua, eta galdetu dute zergatik erabiltzen diren oraindik gomazko pilotak: "Azkenengo greba orokorrean ikusi genuen nola polizia honek ez dituen bere gain hartu gomazko pilotak distantzia gutxira jaurtitzearen arriskuak". Arratsaldean Basaurin egingo dute omenaldia, Cabacas zenaren lagunek deituta.
Gaur-gaurkoz, epaileak deklarazioa hartu die lekukoei. Inputatutako ertzainak irailean ziren deklaratzekoak, baina atzeratu egin da deklarazio hori. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zen orduan, eta haren jarduna babestu zuen urriaren 4an Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Aresek Herrizaingo sailburu izateari utzi zion abuztuaren 29an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira PSE-EEren kanpaina zuzentzeko.
Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan jo zuten pilota batez Cabacas, apirilaren 5ean. Lau egun igaro zituen koman, eta 28 urteko basauriarra hilaren 9an hil zen. Burezurra hautsita zeukan, eta horrek kalte handia egin zion garunean.