Bilboko lurralde auzitegiko 10. Instrukzio Auzitegian ertzain batek deklaratuko du gaur Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko auzian. Akusazio partikularrak eskatuta deklaratuko du ertzain horrek, eta auzian inputatzen duten seigarrena da. Orain arte inputatutako bost ertzainetatik hiru pilotak botatzea onartu zuten hiru dira, eta beste biak, subofizialak.
Bestalde, Iñigo Gogoan plataformak antolatuta martxa egin zuten atzo auzia argitzeko eskatuz. Harekin bat egin zuen, besteak beste, Rayo Vallecano futbol taldeko Bukaneros peñak. Minutu bateko isilunearekin ekin zioten protestari, eta hainbat parte-hartzailek kandelak jarri zituzten epaitegi atarian.
Manifestazioan zehar, oihukatu zuten lau urte daramatzatela justiziarik gabe. Martxa izan zen plataformak Cabacasen hilketaren laugarren urteurrenaren harira eginiko ekitaldietan azkena. Larunbatean, Kirruli tabernaren atarian egin zioten omenaldia; Leioako campusean eta haren BBVAko lankideek ere oroitu dute asteon.
Asteartean bete ziren lau urte ertzain batek Iñigo Cabacas Athleticeko zalea buruan zauritu zuenetik. Handik lau egunera hil zen, erietxean.